ALEX PRIOR ESPAINIAKO TXAPELDUNA ETA MUNDUKO TXAPELKETAN ARITZEKO SAILKATUTA

2021/04/25
ALEX PRIOR ESPAINIAKO TXAPELDUNA ETA MUNDUKO TXAPELKETAN ARITZEKO SAILKATUTA

Esgrima egokituko Espainiako Txapelketan, sable modalitatean, garaikurra lortu du Alex Priorrek. Ezpata eta florete modalitateetan zilarrezko domina jantzi du. Uztailean Varsoviako Munduko Txapelketan arituko da.

Asteburu borobila izan da Alex Priorrena. Espainiako Txapelketako hirugarren jardunaldian, etxean, sable modalitatean garaipena erdietsi du eta ezpata eta florete modalitateetan zilarrezko domina eskuratu du. Horrekin batera, begiz jota zuen eta Varsovian jokatuko den Mundialerako txartela lortu du. Pozik egoteko arrazoi ugari ditu Irungo Gladius Esgrima Taldeko entrenatzaileak, denboraldia hasi aurretik jarritako helburuak bete baititu.

Sable modalitateko txapelketa erosoa egin du Priorrek. Lehen faseko lehia guztiak irabazi ditu eta final-erdietan taldekide duen Manu Quesadaren aurka neurtu ditu indarrak. 15-5 mendean hartu du Priorrek eta finalean, Malaga Club Esgrimako Antonio Garrido esgrimalariaren aurka 15-6 irabazi du. Helburu zuen garaikurra bereganatu du Priorrek eta egindakoarekin “oso pozik” geratu da.

Ezpata eta florete modalitateko zilarrezko domina “ezustea” izan dela ere aipatu du Alex Priorrek. Normalean sable modalitatean soilik entrenatu eta hartzen du parte, eta bigarren postua eskuratzea albiste pozgarria bezain harrigarria izan da. Bi modalitateetan, Coruñako Esgrima Taldeko Yago Fernandez izan da probetako garailea.

Honekin guztiarekin, estatu mailako txapelketak bukatu dira, baina Alex Priorrek estatuz kanpoko hitzordu garrantzitsua izango du aurretik: uztailean Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera izango du. Varsovian jarriko da jokoan eta dominen bat eskuratzeko helburuarekin bidaiatuko du bertara.