Alex Mozas: “Zaila izanen zaigu gaurko partidura egokitzea”

2025/02/11
Bidasoa Irunek Benfica jasoko du gaur arratsean (20:45) Artalekun, Europako Txapelketako Main Round faseari hasiera emateko. Neurketa zaila izanen dela aitzindu du Alex Mozas entrenatzaileak, baina Espainiako Kopako partidua entrenamendu ona izan dela ere argitu du.
Alex Mozas: “Zaila izanen zaigu gaurko partidura egokitzea”
Bidasoa eta Ystads-en arteko neurketa/Arrate Morales

Espainiako Kopa alde batera utzita, otsaileko egutegi zoroari segida emanen dio gaur arratsean Bidasoa Irunek. Europako Txapelketako Main Round fasea hasi du talde irundarrak gaur etxean, Benfica taldearen kontra. Partidu gakoa izanen da gaurkoa, txapelketan aitzinera egitekoa, baina zaila ere izanen da, Europako talde indartsuenetako bati aurre egin beharko diotelako irundarrek. 

Alex Mozasek gaurko neurketaren aurreikuspena egin zuen Lanzarotetik Irunera ailegatu berritan. “Arraro” sentitzen zen entrenatzailea, Espainiako Koparen ondotik, “denboraldiko neurketa garrantzitsuenetako bati aurre egin behar” diotelako orain, prestaketa eta denbora gutirekin. Hala ere, “gogoz” azaldu zen Mozas eta prest daudela ere onartu zuen: “Neurketa hau prestatzeko formula bilatu dugu. Barçaren kontrako partiduak balio handia izan du, baita igandean Lanzaroten bertan egindako prestaketak ere. Beharrezkoa genuen partidu honen inguruan mintzatzea”. 

Benfica jasoko du gaur Bidasoak Artalekun, arratseko 20:45ean. Europako Txapelketako talderik indartsuenetako bat da Portugalgoa. Mozasek onartu du, “ekonomikoki oso garrantzitsua dela” aurkaria, “plantilla handia” duela eta beraz, “jokalari anitz bikoiztuak ditu”. Honez gain, “aniztasun handia” duen taldea dela ere azpimarratu du: “Erasoan aniztasun handia du. Taktika anitzak ditu. Defentsan ere, jende indartsu eta handia dute. Zaila izanen da guretzat horra egokitzea. Gol anitz sartzen dituen taldea da eta baloi galerak eragiten dituena. Partidu zaila izanen da”. 

Hala ere, garaipena eskuratzeko gogoz dago Bidasoa, aitzinpausu handia izanen litzatekeelako talde irundarrarentzat. Mozasek jakinarazi du, etxean dituzten partiduak irabaziz gero, “final laurdenetan hanka bat sartua izanen genuke dagoeneko”. Hori lortzeko, gaurko neurketan puntuak irabaztetik hasi beharko dira.