Alex Mozas: “Taldeak orain duen helburua lehen itzulia 21 punturekin bukatzea da”

2024/12/12
Lehen itzulia bukatzeko, hiru neurketa gelditzen zaizkio Bidasoa Iruni. Horietako lehena ortzirale honetan, abenduaren 13an, Artalekun Recoletas Atletico Valladolid taldearen kontra (20:45). Bidasotarrek garaipena eskuratu nahi du, Espainiako Koparako aurkari zuzena den taldea alde batera uzteko.
Alex Mozas: “Taldeak orain duen helburua lehen itzulia 21 punturekin bukatzea da”

Bidasoa Irunek Recoletas Atletico Valladolid taldea jasoko du bihar (abenduaren 13an), Artalekun, 20:45ean. Sailkapenean, bi puntuko aldea dute bi talde hauek euren artean eta Espainiako Koparako txartela eskuratzeko lehian, aurkari bat kendu nahi du talde horiak. Horrez gain, garaipena ere eskuratu nahi du denboraldiko lehen itzulia 21 punturekin bukatzeko eta horrela, bideratua uzteko urteko helburu nagusia, Europako Txapelketan berriz ere sartzea. 

Recoletas Atletico Valladolid “denboraldi oso ona egiten ari den aurkaria da”, Alex Mozas entrenatzailearen erranetan. “Emaitzen aldetik, azken aldian, ongi lehiatzen ari da. Talde gogorra da, zaila. Errendimentu oso altua dute lehen lerroan eta pilote lanetan ere ongi ari dira. Atea ere oso ona dute. Defentsiboki, azken denboraldietan, bilakaerarik handiena izan duen taldea da eta erasoan ere, joko zuzenagoa egiten du orain”, gaineratu du. 

Valladolidekoak eta Irungoak “ia-ia denean parekatuak” daudela onartu du Mozasek, eta horren harira, neurketa ere horrelakoa izanen dela aurreikusi. Emaitza zeinen alde eroriko den erabakiko duena detaileak izanen direla argitu du: “Ia-ia denean berdin gaude datuen arabera. Atean gehien Aasmatzen duena eta erasoan ere gol gehien sartzen dituena izanen da irabazlea. Idealena hamarreko partidua jokatzea izanen litzateke, Ligako bost onenen artean dagoen taldearen kontra gehiegi ez sufritzeko”. 

Bidasoaren helburu nagusia orain, lehen itzulia 21 punturekin bukatzea izanen da, hau da urtea bukatzeko gelditzen zaizkion azken hiru neurketetan garaipena eskuratzea. Honek, alde batetik, Espainiako Koparako txartela ziurtatuko lioke taldeari. Bertzerik, heldu den denboraldian Europako Txapelketan egoteko aukera erraztu ere. Edonola ere, zaila dela badakite: “Zaila izanen da helburua lortzea, kontuan hartuta lehiakor aritu garela bi txapelketetan. Objetiboki, talderik onena gara, bi txapelketak batuta puntu gehien lortu dituen taldea garelako. Puntu gehiago ere lortu genitzake, baina 21 punturekin bukatzen badugu, lehen itzuli oso ona egin izanen dugu eta gure helburuetatik hurbil egonen gara”. 

Biharko neurketako bertze gako bat harmailak izanen dira. “Zaleek zerbait ematea behar dute gu laguntzeko eta neurketa honetan ere horrela izanen da. Espero dut hasieratik partiduan sartuta gaudela somatzea eta gu babestea, guretzat hau oso lagungarria baita. Horrela, elkarrekin, bi puntuak irabazita aurrerapausu izugarri bat emanen dugu”, bukatu du gaur goizeko prentsaurrekoa Alex Mozasek.