Alex Mozas: “Pasa den astearteko garaipenak emandako indarra baliagarria izango zaigu”
Bidasoa Irunek Barça bisitatuko du denboraldiko bigarren itzuliari hasiera emateko. Palau Blaugranan ariko dira bi taldeak, larunbatean (otsailaren 15ean), 19:00etan. Pasa den asteburuan, Espainiako Kopan, aurrez aurre izan ziren bi taldeak eta prestaketarako baliagarria izanen da Lanzaroten ongi eta gaizki egindakoa.
Espainiako Koparen ondotik, berriz ere Barça izanen dute aitzinean Bidasoak. Alex Mozasek onartu duen moduan, “partidua gogoan dugu eta hori ona izango da hobeki prestatzeko. Badakigu zer den ongi egin genuena eta hobetzen ahal duguna eta hori baliagarria izango zaigu prestaketarako”. Hain zuzen ere, gakoa “defentsan” egonen dela argitu du entrenatzaileak, “kontraerasoan gol errazak aurkitu zituelako talde kataluniarrak”. Honez gain, “konstantzia” behar dutela ere azpimarratu du Mozasek.
Barça Champions Leagueko partidua galtzetik dator. Atzo Alborg Handbold taldearen kontra, 36-35ko markagailuarekin, eta horrek ez dio mesede eginen talde horiari. “Berri txarra da guretzat galdu izana”, argitu du prestatzaileak. Izan ere, “indarrez” kantxaratuko direla ziur daude. Hala ere, Bidasoak Europako Txapelketako neurketa irabazi zuen pasa den asteartean Benficaren kontra (28-27) eta honek “poza eta motibazioa” eman dio taldeari. Honekin guztiarekin, Bidasoa lehiakor izaten saiatuko da, betiko moduan, ikasitakoarekin eta lortutakoarekin garaipenaren bila joanda.