Alex Mozas: “Partidu ona eginen dute seguru, guk presio gehiago edukiko dugu”
Bidasoa Irunek Villa de Aranda jasoko du gaur, 19:30ean, Artalekun. Otsaila hasieran jokatu behar zen neurketa hau, baina Espainiako Kopa zela eta, gibeleratu egin zuten martxoaren 19ra arte. Denboraldi honen hasieran, lehen jardunaldian, elkarren kontra jokatu zuten bi talde hauek eta bertan, Burgosko taldeak bere indarra erakutsi zuen dagoeneko. Oraingo honetan, galtzerkorik ez dutela etorriko dira Irunera, euren eskubaloia kantxaratzera. Etxekoek aldiz, presioa kudeatu eta lan txukuna egin biharko dute garaipena eskuratzeko.
Atsedenaldi txiki baten ondotik, martxan da Bidasoa Irun berriz ere. Otsail bete-bete baten ondotik, indarrak eta nekea berreskuratu dituzte eta prest daude denboraldiko azken txanpari aitzin egiteko. “Hilabete bat pasatu dugu bidaiatzen, kanpoan jokatzen, eta lehiakor izaten. Fisikoki eta mentalki atseden hartu dugu eta orain, denboraldiko azken txanpari aurre eginen diogu, garrantzi handikoa izanen dena”, aipatu du Alex Mozas entrenatzaileak. Gaineratu duenez, “orain gehiago exijitu behar diogu gure buruari, gehiago entrenatu eta hobetu. Anbiziko handiarekin etorri dira jokalariak eta gogoz daude denboraldi on hau borobiltzeko”.
Villa de Aranda jasokok du talde irundarrak Artalekun gaur, mailaz igo berria den taldea. Mozasek onartu du “denboraldi honetan ezustea eman duten taldea” dela. Ikasturte honetan, elkarren kontra jokatu zuten bi talde hauek lehen jardunaldia eta, kostata, berdinketa lortu zuen Bidasoak. Horren ondotik, Burgoskoek erakutsi dute merezi dutela Plenitude ASOBAL Ligan egotea, lehiakor izan dira eta garaipen handiak lortu dituzte. Horrela bada, hau ez da izanen partidu tranpa bat: “Neurketa tranpa izanen zen, egiten ari diren denboraldia egiten ari ez baziren. Mailaz igo diren taldeetatik, Ligara hobekien egokitu den taldea da eta hobekin jokatzen ari dena. Asko miresten ditut eta badakit lehiatuko direla eta partidu ona eginen dutela”.
Lasai etorriko da Villa de Aranda Artalekura, Mozasek jakinarazi duenez, “ez duelako deus galtzeko”. Bidasoak askoz ere presio gehiago edukiko du garaipena eskuratzeko eta hori kudeatzen jakin beharko du. Hala ere, entrenatzaileak bere taldearengan konfidantza du eta badaki “ongi lehiatuko direla”. Gakoa, defentsan eta erasoak egoteaz gain, “partiduan buru-belarri egotea izanen da”. Prestatzaileak adierazi du ez dutela lehen hamar minutuetan neurketa irabaziko: “Gakoa lehen hamar minutuetan partidua irabazteko nahia ez edukitzea da. Hala ere, lehen minututik erakutsi behar dugu garaipena nahi dugula, partidu hau modu serioan hartzen dugula eta konzentraturik gaudela. Presioa kudeatu behar dugu eta lasai jokatu, Arandak ez diolako utziko markagailuari ihes egiten”.
Artalekun jokatzea, beti bezala, etxeko taldearen aldekoa izanen da. Zaleen babesa somatuko dute irundarrek eta horrek beti laguntzen die. Gainera, aurkariari deseroso sentitzeko aukera ere bada horretan eta hori guztia aprobetxatuko dute, bai zaleek baita taldeak ere, garaipena Irunen gelditzea ahalbidetzeko.