Alex Mozas: "Ongi lehiatzen ari dira eta irabaztea kosta egingo zaigu"
Plenitude ASOBAL Ligan bi garaipen lortuta, azkena Cuencaren kontra, Bidasoak EHF European Leagueko ibilbideari hasiera emanen dio orain. Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatuko du Alex Mozasen taldeak Artalekun, Poloniako KGHM Chrobry Glogow taldearen kontra. Partidua bihar jokatuko da, urriaren 8an, 20:45ean.
Bidasoak Cuencaren kontra garaipena erdietsi badu ere, Alex Mozas ez dago guztiz pozik orain arte emandako errendimenduarekin: “Ez gaude guztiz pozik gure errendimenduarekin. Ez gaude lehian sartuak. Egia da ASOBAL Liga dagoen moduan ikusita, garaipen bakoitzak balioa duela, baina izan nahi dugun taldetik urruti gaude. Hala ere, puntuak ateratzen ari gara eta dinamika horrekin segitu behar dugu Europan ere”.
Talde irundarrak bihar ekinen dio Europako ibilbideari. EHF European Leagueko Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatuko du Artalekun, Poloniako KGHM Chrobry Glogow taldearen kontra. Bere herrialdeko ligako hirugarren postuan kokatua dagoen taldea da poloniarra eta “defentsa blokean duena”. Mozasek aipatu bezala, 6-0eko marrazkia erabiltzen du aurkariak eta “postuak bikoiztuak edo hirukoiztuak ditu”. Horrez gain, “partidu guztietan lehiatzen ari dira eta irabaztea kosta egingo zaigu”, onartu du entrenatzaileak. Gaineratu duenez, “etxean ez dute inoiz galtzen, baina hemen erritmoa zertxobait jeitsi ahal dute”.
Hori gertatzeko, Artaleku gakoa izanen dela ere aipatu du madrildarrak: “Artaleku gakoa da beti eta guk ere gure aldetik gehiago eman behar dugu. Zaleak etorri behar dira eta guk etortzeko arrazoiak eman behar dizkiegu. Horretarako, lehia egon behar da eta indartsu azaldu behar gara hemen. Etxeko hiru partiduak irabazi behar ditugu eta hurrengo fasera pasatu. Bitartean, zaleei etortzeko eskatzen diegu, gu babesteko eta guk ere arrazoiak emanen dizkiegu horretarako”.
Egutegia pixka bat estutuko zaio Bidasoari hurrengo asteetan eta entrenamendu saio guttiago egiteko aukera izanen dute. Mozasek dio, hala ere, “entrenamendurik onena partidua dela eta entrenatzailerik onena, aurkaria”. Orain arte ospatutako 50 entrenamenduekin pozik daude Bidasoako jokalariek ere eta gogoz Europako txapelketari hasiera emateko. Entrenatzaileak aitzindu bezala, “izan daiteke Gorka Nieto berreskuratzea Europarako”. Nietok lagunduko baitie kantxan ordena mantentzera, nahiz eta “motibaturik” dauden dagoeneko, “jakinda hobetzeko aunitz gelditzen dela”.