Alex Mozas: “Motibazio handia dugu partidu handi honen aurrean”

2024/11/29
Bidasoa Irunek, Europako Txapelketako helburuak lortuta, Benidorm jasoko du bihar (azaroaren 30ean) Artalekun, 17:30ean, Plenitude ASOBAL Ligako erronkei eutsi nahiean.
Alex Mozas: “Motibazio handia dugu partidu handi honen aurrean”

Europako Txapelketako etxeko lanak eginda, Bidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligan segitu beharko du borrokan, begiz jota duen Espainiako Koparako sailkatzeko. Helburu hori lortzeko hurrengo aukera bihar bertan izanen du talde horiak, azaroaren 30ean, Artalekun jokatuko duen Benidormen kontrako partiduan. 

Alex Mozasek onartu bezala, Bidasoaren hurrengo erronka “Espainiako Kopan sartzea” izanen da. Geldialdia baino lehen gelditzen diren azken bost partiduetan lortu nahiko luke hau. Horretarako, sailkapeneko lehen lauen artean kokaturik egon behar da talde horia. Entrenatzaileak erran bezala, hau horrela gertatuz gero, “denboraldiko lehen zati ona izanen litzateke”, nahiz eta izan dituzten aldaketak kontuan hartuta, ona izan den dagoeneko beraien ustetan. 

Azken bost neurketa horietako lehen bihar ospatuko da Artalekun. Talde irundarrak Benidorm jasoko du, azken asteetan garaipenik batu ez duen taldea. Mozasek adierazi du “maila handiko jokalariak” dituela aurkariak eta “bere oraingo sailkapeneko kokapenak ez duela ongi islatzen talde honen maila”. Bolada txarrean sartuta daude Benidormekoak eta Bidasoarentzat bi alde dituen txanpona da hau. Izan ere, garaipen beharretan ailegatuko dira Irunera eta zaila izanen da honi aurre egitea. 

Bidasoak ongi hasi behar du biharko neurketa, Alex Mozasen iritziz. “Ongi kantxaratu behar gara eta ezin diegu partiduan sartzen utzi”, aipatu du. Horrez gain, Nacho Valles jokalaria kontrolatu behar dutela azpimarratu du: “Nacho Valles kontrolpean eduki behar dugu. Bi kontu hauekin neurketa on bat eginen dugu ziur. Gainera, gure erritmoa ere inposatu behar dugu, ezin dugu euren erritmo mantsoa hartu”. 

Bihar neurketarako Bidasoak baja garbi bat izanen du. Klubak berak jakinarazi duenez, Matheus da Silvak “min progresiboa nabaritu zuen eskuin belaunean Fraikin BM Granollers eta Bidasoa Irun taldeen arteko partidaren aurreko entrenamenduan. Erresonantzia magnetiko nuklearrarekin azterketa eginda, artikulazio barruko gorputz libre bat ikusten da artikulazioa blokeatzen ari den aldeondoko konpartimentuan, eta artroskopia bidezko konponketa kirurgikoa beharko du, laster egingo dena”. Honek taldearen lana baldintzatuko du, geldialdia bukatu bitarte ez delako jokatzeko prest egonen. “Bere falta somatuko dugu. Ongi aritzen ari zen eta asko laguntzen zuen. Hala ere, bere baja garrantzitsua betetzeko jokalari nahiko ditugu. Bera ezin da errudun sentitu honengatik eta guk aurrera pausu bat eman behar dugu horretarako, bere falta ahalik eta guttien somatzeko eta berak errekuperazioa segitzeko”, onartu du Alex Mozas entrenatzaileak.