Alex Mozas: “Lehen itzulia luze egiten ari da, baina puntu kopuru polita bildu ditzakegu azkenean”

2024/12/16
Bidasoa Irunek, Valladolid garaitu ondotik, Logroñora bidaiatu beharko du bihar (abenduaren 17an) bertako taldearen kontra lehiatzeko. Neurketa 20:00tean ospatuko da, eta bertze bi puntu eskuratzeko prest dago talde irundarra.
Alex Mozas: “Lehen itzulia luze egiten ari da, baina puntu kopuru polita bildu ditzakegu azkenean”

Bidasoa Irunek Logroñora bidaiatu beharko du bihar, abenduaren 17an, bertako BM Logroño La Rioja taldearen kontra lehiatzeko (20:00). Talde irundarrak bertze bi puntu eskuratu nahi ditu bertan, urte bukaerako helburuak lortzeko bidean segitzeko. 

Alex Mozas entrenatzaileak biharko neurketa “zaila” izanen dela iritzi du, Plenitude ASOBAL Ligan edozein partidu izan daitekeen moduan. Logroño taularen erdi aldean dago kokaturik, baina gorago egoteko maila duela argitu du Mozasek: “Hasiera zail bat eduki dute eta azken minutuetan zenbait partiduk ihes egin zien. Hala ere, lehiakorrak dira oso eta hobera joanen den taldea da. Nik neurketa zail bat espero dut bihar”.

Logroño “erasoan indartsua” dela aipatu du prestatzaileak eta horren harira, Bidasoak ongi kontrolatu beharko ditu bai piboteak, baita erdian ari direnak ere. Etxekoak “neurketa ona egitera aterako dira kantxara” eta beraz, talde irundarrak ere azken aldian erakutsitako nagusitasuna kantxaratu beharko du. 

Bidaia erosoa izanen da Bidasoarentzat eta horrek bere alde jokatuko du. Izan ere, “lehen itzulia luze egiten ari” zaie irundarrei, “batez ere Europako Txapelketagatik”, baina “hor mantendu behar gara”, puntuak irabaziz eta urte bukaerako helburuak lortzen saiatzen.