Alex Mozas: “Iruñeara bidaiatzea beti da zaila, erritmo handiko taldea baita, defentsan oso oldarkorra eta porrokatua”
Bidasoak Helvetia Anaitasunaren kontrako euskal derbia jokatuko du asteburu honetan. Zehazki, igandean (abenduaren 8an) jokatuko da partidua, 18:30ean Anaitasuna pabilioian. Alex Mozasen erran bezala, talde horiak “ardurarekin” jokatuko du neurketa hau, zaila izanen dela kontuan hartuz, baina garaipenaren bila.
Bi talde euskaldun hauen arteko derbia beti “berezia” dela onartu du Alex Mozas entrenatzaileak. Gainera, Anaitasunara bidaiatzea beti zaila dela ere aipatu du: “Anaitasuna kantxa zaila da, bertako taldea porrokatua delako, erritmo handia duena eta defentsan oso oldarkorra”. Horregatik beragatik, “arduraz” jokatuko du Bidasoak partidu hau.
Aurkaria sailkapeneko behealdean dago kokaturik, baina “bere jokokoak ez du hori islatzen”. Izan ere, talde horiko prestatzaileak adierazi duenez, “azken bi neurketa oso onak jokatu ditu Anaitasunak eta, denboraldiro izen handiak galtzen baditu ere, harrobi oso ona du eta asko identifikatzen dira klubarekin. Beti izaten da talde arriskutsu bat eta neurketa oso ona egin behar da beraien kontra puntuak irabazteko”.
Bidasoaren lanari begira, “aste honetan defentsan zentratu” direla azpimarratu du Mozasek. “Matheusen lesioaren aurretik genuen defentsa tonu hori berreskuratzeko lanetan gaude. Aurkariak defentsa oso oldarkorra du eta ez da hain erraza golak sartzea”, gaineratu du. Horrez gain, “baloi galerak ere gutxitu” nahi ditu talde horiak, “hori baita bertze gakoetako bat partidua irabazteko”. Azkenik, “akzioak jaurtiketan bukatzen” saiatu behar du taldeak eta “partiduaren kontrola eduki”.
Iruñeara bidaiatzea erraza da taldearentzat, baita zaleentzat ere. Honek bultzada maten dio taldeari eta Mozasek ere gauza bera aipatu du: “Kanpoan jokatzen duzunean garrantzitsua da zure afizioak bertako afizioa berdintzen saiatzea. Guretzat oso garrantzitsua izanen da zaleak bertan egotea, eta babes hori bueltatzen saiatuko gara”.