Alex Mozas: “Gure erritmoa jarri behar dugu, partidua gure aldera eraman eta beraien frenetismoa gelditu”

2024/10/25
Errumanian galdu ondotik, Bidasoa Irun etxera bueltatuko da Plenitude ASOBAL Ligako erronkei aitzin egiteko. Frigoríficos del Morrazo taldea jasoko dute Artalekun bihar (urriaren 26an) 19:30ean.
Alex Mozas: “Gure erritmoa jarri behar dugu, partidua gure aldera eraman eta beraien frenetismoa gelditu”

Bidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligako jardunaldi berri bat jokatuko du asteburu honetan, kasu honetan etxean, Artalekun. Frigorificos del Morrazo taldea jasoko dute horiek bihar (urriaren 26an) 19:30ean. Dinamika onean heldu den taldea da aurkaria eta horri aitzin egiteko nekea alde batera utzi, eta euren erritmoa ezarri beharko dute etxekoek. 

Alex Mozasek, Errumanian jokatutako partiduaren ondotik, asteburu honetan Frigorificos del Morrazo taldearen kontra “konzentraturik” egon behar direla onartu du, “hainbeste akats ez edukitzeko”. Hala ere, Bidasoa Irun “dinamika onean” dagoela ere jakinarazi du, nahiz eta “kilometro eta minutu gehiegiren pilaketa eduki”. 

Cangas-en kontrako neurketa “bertze desafio” bat izanen dela argi du eta eurek ere “oso ongi dagoen taldea” dela aipatu du, “hazte prozesu bete-betean”. “Denboraldi honetan laster pila bat egiten dute eta 34 gol sartzen dituzten bataz bertze. Desafio bat izanen da guretzat, batez ere defentsa lanean. Beraien atezainak ASOBAL Ligako geldiketarik gehienak egin ditu. Horrez gain, entrenatzaile berarekin ere denbora asko daramate eta sailkapenaren goialdean egongo dira”, gaineratu du entrenatzaileak. 

Neurketaren gakoak, hain zuzen ere, defentasan egonen direla azpimarratu du Mozasek: “Defentsa eta atean egonen da partiduaren gakoa. Horrek lasaitasuna emango digu jokatzeko eta hori izan da garaipenetan ongi egindakoa eta porrotetan ere izan dugun akatsa. Euren erasoa kontrolatu behar dugu, laster egiten dutelako eta gola sartzeko erraztasuna dutelako. Horrez gain, gure erritmoa ezarri behar dugu, gure aldera eraman partidua eta beraien frenetismoa gelditu”. 

Europako Txapelketa jokatzeak ere taldera “nekea” ekarri duela onartu du madrildarrak. Bidaiak “luzeak izan dira eta jokalariek hori nabarituko dutela” adierazi du. Cangas-ek aste osoa eduki du partidua prestatzeko eta Bidasoak aldiz, gaur soilik izanen du entrenamendu saioa. Hala ere, hori ez da aitzakia Mozasentzat, “ongi prestatuko dugu partidua eta jokoan aldaketa ttikian eginen ditugu. Egonkorrak izateko pausu bat eman behar dugu”, borobildu du.