Alex Mozas: "Gure erritmoa ezarri behar dugu eta hobeki defenditu"

2024/10/04
Bidasoak Cuenca jasoko du etxean, bihar (urriaren 5ean), 17:00etan.
Alex Mozas: "Gure erritmoa ezarri behar dugu eta hobeki defenditu"

Bidasoak Artalekun jokatuko du asteburu honetan ere, hirugarrenez segidan. Oraingo honetan, Cuenca jasoko du talde irundarrak bihar, urriaren 5ean, 17:00etan. Pasa den jardunaldiko garaipenaren ondotik, eta Europako Txapelketa hasteko atarian, Alex Mozasek puntuak batu nahi ditu, taldea egonkortzeko eta bilakaera positiboa edukitzen segitzeko.

Alex Mozasen taldeak Cuenca jasoko du bihar Artalekun. Entrenatzailearen hitzetan, “ongi lehiatzea hasi den taldea da” aurkaria. Azken jardunaldian Benidormen kontra porrota jaso zuen, baina neurketa berdindua izan zela argitu du Mozasek. Historikoki, Bidasoa talde zaila izan da Cuencarentzat eta hori horrela izaten segitzea nahi dute irundarrek: “Cuencari ez zaio oso ongi eman Bidasoa eta guk hori egonkortu nahi dugu, baita taldearen bilakaera positiboa izaten segitzea”.

Cuencak hainbat jokalari aldatu ditu denboraldi honetan, Mozasen erranetan: “Jokalari garrantzitsuak galdu ditu, baina refortzu onak etorri dira ere. Postu guztietan ditu bi jokalari”. Horrez gain, “joko zuzena eta kanpo jaurtiketak” dira taldearen gakoa, Bidasoak begiz jota eduki behar duena. Defentsan ere, “oso gogorrak” direla argitu du entrentzaileak. Hain zuzen ere, gakoa hor egonen dela aipatu du: “gure erritmoa ezarri behar dugu eta orain arte bezala, hobeki defendatu, korri egin ahal izatekoa eta gol errazak edukitzeko”.

Bertze behin ere Bidasoaren atea gakoa izanen da garaipena eskuratzeko. “Gure atezainak, orain arte bezala, ongi egotea espero dugu, baina bertzeek ere erasoan asmatu behar dute, garaipena eskuratzeko baliagarriak ditugun golak sartzeko”.