Alex Mozas: “Guadalajara presiorik gabe etorriko da Artalekura eta guk ere horrela jokatu behar dugu irabazteko”

2024/11/14
Bidasoa Irunek BM Guadalajara jasoko du ortziralean, azaroaren 15ean, Artalekun (20:00). Atsedenaldia ongi aprobetxatu ondotik, puntuak batzera aterako da etxeko kantxara Alex Mozasen taldea, sailkapeneko goiko postuetan egoteko asmoarekin.
Alex Mozas: “Guadalajara presiorik gabe etorriko da Artalekura eta guk ere horrela jokatu behar dugu irabazteko”

Bidasoa Irun martxan izanen da ortzirale honetan, azaroaren 15ean, nazioarteko hitzorduek behartutako atsedenaldiaren ondotik. Euren selekzioekin egon diren jokalariak ongi bueltatu dira berriz ere talde horira eta prest dira Plenitude ASOBAL Ligan aitzinera egiteko. 

Atsedenaldia ongi etorri zaie Bidasoako jokalariei, Alex Mozas entrenatzaileak onartu duten moduan: “Nekatuak ginen hainbeste bidaien ondotik eta azken partiduetan hori nabaritu zen. Orokorrean, ongi etorri zaigu atsedena. Selekzioekin egon direnak karga gehiago eduki dute, baina zortez, denak ongi gaude”. 

Aste honetan elkarrekin entrenatzen hasi dira guztiak eta pozik dago madrildarra, taldeak “inoizko entrenamendurik onenak” egin baititu. Ortziralera begira aritu dira lanean, Planitude ASOBAL Liga etxera bueltatuko delako azaroaren 15ean. BM Guadalajara jasoko du talde horiak eta “neurketa parekatu” bat espero dute. Aurkariak “talde sendo bat” duela argitu du entrenatzaileak, “nola jokatzen duen badakiena”. 

Sailkapenari begira, garaipena eskuratzea garrantzitsua izanen da Bidasoarentzat, goiko postuetan kokatzeko. Hala ere, beheko postuetan dagoen talde bat jasotzea arriskutsua izan daitekeela onartu du prestatzaileak: “Eurek ez dute ezer galtzekorik eta guk bai. Gakoa hor egonen da. Presiorik gabe aritu eta euren intentsatea berdindu beharko dugu irabazteko”. 

Taldekideen artean, deialdia osatzeko zenbait zalantza ditu oraindik Alex Mozasek. Gaurko entrenamendua baliatuko dute zalantza horiek argitzeko eta prest dauden jokalariak zeintzuk izanen diren zehazteko. Edonola ere, bigarren taldeari begiratuko diote deialdia zehazteko, eta lan ona eginen dutela argi dute talde teknikoko kideek.