Alex Mozas: "Erasoan hobeki aritzen denak irabaziko du"

2024/10/11
Bidasoak Plenitude ASOBAL Ligako hurrengo jardunaldiari aitzin egin beharko dio bihar, urriaren 12an, 19:00etan. Berriz ere Artalekun arituko da eta, oraingo honetan, Ademar Leon izanen du aurkari.
Alex Mozas: "Erasoan hobeki aritzen denak irabaziko du"

Bidasoak Europako ibilbideari ekin ondotik, Plenitude ASOBAL Ligako erronkei aurre egingo die asteburu honetan. Etxean arituko da berriz ere talde irundarra, Ademar Leon taldearen kontra. Alex Mozas entrenatzaileak aipatu bezala, ideia antzekoak dituzten bi talde izanen dira aurrez aurre eta erasoan hobekien aritzen denak eskuratuko ditu bi puntuak. Neurketa bihar ospatuko da, urriaren 12an, 19:00etan. 

“Talde historiko” baten kontra jokatuko du bihar Bidasoak, Alex Mozas entrenatzaileak berak adierazi duen moduan. “Gauzak ongi egiteko gogoz eta ilusioz” daudela ere gaineratu du, hori baita garaipena eskuratzeko bidea bere ustez. Zaila izanen bada ere, bi taldeek EHF-ko Multzo Faseko lehen jardunaldia jokatu dute astetartez eta neke bera izanen dutela atzeman dute. “Ideia antzekoak ditugun bi talde gara, jende indartsua du Ademarrek eta ate ona. Erasoan hobekin aritzen denak irabaziko du”, erran du Mozasek. 

Aurkariaren inguruan, “korri aunitz egiten duen taldea” dela onartu du prestatzaileak. “Talde gaztea du eta moldakorra. Plantilla ona du ASOBAL Ligan eta Europan jokatzeko”, gaineratu du. Horri aitzin egiteko beraz, gakoa “gibelean korri egitea” izanen da, baita “defentsa ahalik eta azkarren antolatzea eta baloirik ez galtzea” ere. Horrez gain, “ekintzak ongi bukatu” behar dituztela aipatu du Mozasek. Entrenatzailea ziur dago lan ona egingo dutela eta “bakoitzak bere erritmoan jokatuko duela, hor egonen baita bien arteko desberdintasuna”. 

Europako Txapelketan parte hartzeak partiduak ongi prestatzeko denbora kentzen du, baina aldi berean, “lehiarako erritmoa” ematen du. Entrenatzailearen hitzetan, “entrenamendurik onena partidua bera da eta entrenatzailerik onena, aurkaria”. Alde horretatik beraz, entrenatzaile onak izan dituzte azken aldian eta horrek “aunitz exijitzen” badie ere, hobeak izatera behartzen ditu. Hala ere, lasaitasunez jokatu behar dutela azpimarratu du madrildarrak: “Ni pozik nago jokalariekin, ikusita partiduak nola ateratzen ari diren. Gainera, badakigu geroz eta hobeak izango garela. Presioa kendu behar diogu taldeari eta hortan lan egin behar dugu”. Azken aldian kantxan ez dutela euren burua lasai ikusten onartu du eta beraz, hemendik aitzinera hori da bilatuko dutena ahalik eta puntu gehien irabazteko.