Alex Mozas: “Defentsako erritmoa aurkitzea izanen da biharko helburu nagusia”

2024/10/28
Bidasoa Irunek bihar, urriaren 29an, jokatuko du Artalekun EHF European Leagueko laugarren jardunaldia. Horretarako, Constantas talde errumaniarra jasoko dute Alex Mozasen mutilek, 20:45ean.
Alex Mozas: “Defentsako erritmoa aurkitzea izanen da biharko helburu nagusia”

EHF European League bueltan izanen da bihar, urriaren 29an, Artalekun. Bidasoa Irunek Constantas talde errumaniarra jasoko du bertan (20:45ean), Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatzeko. Errumanian, pasa den asteartean, 30-25 galdu zuen talde irundarrak eta horri buelta eman nahi diote oraingoan, defentsako lanean aitzinera pausu bat emanez. 

Plenitude ASOBAL Ligan defentsa lan ona egiten ari da Bidasoa, eta horren erakusle da pasa den asteburuan Cangas-en kontra lortutako garaipena. Hala ere, EHF European Leagueko jardundalditan oraindik ere hori garatzea falta zaiela aipatu du Alex Mozas entrenatzaileak: “ASOBAL Ligan gol guttien jaso dituen taldea gara, Barçaren atzetik. Aterik onena izaten ari gara orain arte eta, defentsan, aitzinera pausu bat eman dugu. Orain sentsazio horiek Europara eraman behar ditugu, ez dela erraza. Suedian izan ezik, ez dugu defentsiboki erritmo hori eduki eta hori izanen da biharko helburu nagusia”.

Bidasoa Irunek Constantas talde errumaniarra jasoko du bihar Artalekun, Europako Txapelketako Multzo Faseko laugarren jardunaldia jokatzeko. Hemendik aitzinera, neurketa guztiak “finalak” izanen direla azpimarratu du Mozasek eta bukaera bitarte ez dela erabakiko hurrengo fasera pasatzen diren taldeak. “Presiorik gabe, baina Errumanian jokatutako neurketari buelta eman nahi diogu”, aipatu du entrenatzaileak. “Han pausu bat gibelera eman genuen eta orain bi aitzinera egin nahi ditugu. Etsita etorri ginen handik eta orain partidu ona egiten saiatuko gara”, gaineratu du.

Talde irundarraren multzoa “parekatua” dagoela ere onartu du Mozasek eta horregatik beragatik, “exijentea” izanen dela biharko partidua. Horrez gain, errumaniarrak asteburuko partidua gibeleratu dute eta beraz, “neurketarik jokatu gabe” etorriko dira Irunera. Bidasoak nekea du, gelditzeko aukerarik ez duelako izan, baina garaipen batekin “orain artean ongi egindakoa konfirmatu” dutela ere argi du. Hala ere, etxekoak “dena ematera” aterako dira bihar Artalekura.