Mikel Llorente: "Protagonistak izan behar gara eta gure jokamoldea aurrera eraman"
Real Unionek denboraldiko bostgarren jardunaldia jokatuko du asteburu honetan. Zehazki larunbatean, irailaren 21ean, Tarazona bisitatuko du talde txuribeltzak, 21:30ean. Mikel Llorente entrenatzaileak aipatu bezala, ordutegia ez da hoberena. Jokalariak eta talde teknikoa moldatuko direla onartu du, baina zaleek zaila izanen dutela Tarazonara hurbiltzea taldeari babesa eskaintzeko.
Larunbatekoa “partida gogorra” izanen dela argitu du Mikel Llorente entrenatzaileak. “Detaileek” marka dezakete neurketaren norabidea eta “testuingurua ere zaila” dela gaineratu du. Tarazonaren zelaia “txiki samarra” dela erran du eta “joko zuzena” dela bertako taldearen berezitasuna. Horretarako, gainera, Tarazonak “aurrealdean jokalari egokiak” dituela ere jakinarazi du Llorentek.
Neurketa zaila izanen bada ere, Real Union prest dago bertako xehetasunetara egokitzeko eta garaipena eskuratzeko beharrezkoa egiteko. Taldea lanean ongi ari dela adierazi du prestatzaileak eta euren jokoa ezartzeko gai izanen direla: Partidu oso zaila izanen da, baina moldatu beharko gara, guk planteatutakoa egiteko eta protagonistak izateko. Asteak oso ongi dihoaz. Taldeak oso ondo entrenatzen du eta oso maila onean. Aste honetan, batez ere, azken lerroko aurrez aurrekoak eta bigarren jokaldiak landu ditugu. Azken horiek irabazita, protagonistak izanen gara eta gure jokamoldea aurrera eramango dugu. Gakoa hori izanen da Pradera bezalako jokalarien kontra”.
Bihar eguerdian aterako dira Irundik Tarazonara. Bazkaldu eta ordu pare bateko atsedena hartuko dute, neurketari aitzin egin baino lehen. 21:30ean jokatuko da partidua eta ordurik egokiena ez dela ere aipatu du hondarribiarrak: “Gu moldatzen gara, baina zaleengatik pena eman dit. Bidea ez da oso luzea, baina ordutegi horrekin zaila izango da mugitzea. Futbola zalerik gabe, ez da futbola. Gainera, zaleak engantxatzen ari ginen eta Taxoaren bizitakoa bizi nahiko genuke. Pena ematen dit ordutegi hauekin zaila delako hori”.