Alex Mozas: “Azken asteetako dinamika bera mantendu nahi dugu Benidormen ere”

2025/04/14
Irudek Bidasoa Irunek Benidorm bisitatuko du bihar (apirilaren 15ean), 19:30ean. Maila mantentzeko lehian dago aurkaria eta talde horiak bere jokorik onena erakutsi beharko du defentsan, puntuak batzen segitzeko.
Alex Mozas: “Azken asteetako dinamika bera mantendu nahi dugu Benidormen ere”
Arrate Morales

Irudek Bidasoa Irunek Benidorm bisitatuko du bihar, apirilaren 15ean, 19:30ean. Asteburuan garaipen bat lortu ondotik, talde horia indarrez dago puntuak batzen segitzeko. Ia atsedenik gabe, baina lehiaketak eta emaitza onek ematen duten bultzadarekin, aurre eginen diote maila mantentzeko borrokan dagoen taldeari. 

Bidasoa Irunek, ia atsedenik gabe, Benidormi egon beharko dio aurre bihar. Maila mantentzeko borrokan dago aurkaria, baina jokalari onak dituela azpimarratu du Alex Mozas entrenatzaileak: “Maila mantentzeko lehian dago Benidorm. Entrenatzailea aldatu dute orain dela hilabete bat. Hala ere, jokalari onak dituen taldea da eta Plenitude ASOBAL Ligan esperientzia duena. Baliabide onak ditu jokoan”. Hain zuzen ere, “joko zuzena” duela jakinarazi du entrenatzaileak eta “defentsan ere intentsitatea handitu” duela, lesionaturik zeuden jokalari garrantzitsuak berreskuratu dituelako batik bat.

Talde horiak horri guztiari aurre egin beharko dio eta dagoeneko Benidormen pabilioian entrenatu du gaur, neurketari buruz buru begiratuz. “Bidaia pare bat kateatu ditugu eta egoera taldea elkartzeko baliatuko dugu”, aipatu du Mozasek. Etxeko taldea gainditzeko bidasotarrek “defentsan” gogor egin beharko dute lan, baita “jokalari batzuk kontrolpean” edukitzen ere. Batez ere, “azken asteetako bide bera segitu behar” dutela onartu du entrenatzaileak. Azken jardunaldietan emaitza onak batu dituzte eta hori ongi entrenatzearen fruitua izan da. “Taldea ongi erantzuten” ari dela gaineratu du prestatzaileak eta horrela segituz gero, ziur daude bihar bi puntuak eurenak izanen direla.