Alex Mozas: “120 minututan jokatuko den partidua da eta ezin diogu ihes egiten utzi”
Irudek Bidasoa Irunek EHF European Leagueko final laurdenetako joaneko partidua jokatuko du gaur, apirilaren 22an, MT Melsungen talde alemaniarraren kontra (18:45). Pasa den larunbatean Artalekun lortutako garaipenaren ondotik, bidasotarrak gogoz daude Europako erronkei aitzin egiteko eta bertan ere euren balioa erakusteko.
Bundesligako liderra den taldea bisitatuko du Bidasoak gaur, Europako Txapelketako final laurdenei hasiera emateko. Izan ere, MT Melsungen Alemaniako Liga irabazteko borrokan ari da eta beraz, talde horiak aurkari borrokalaria izanen du joaneko partidu honetan. Alex Mozas entrenatzaileak berak erran duenez, “izarrez betea dagoen taldea da, Balenziaga zarauztarrak gidatzen duena”. Gaineratu duenez, “oso fisikoa den taldea da, barietate taktiko onarekin. Defentsiboki izugarriak dira, 6-0 gogor batekin. Atezaina ere munduko hoberenetarikoa da. Erasoan, Balenziagak gidatuta, oso onak dira eta txandakatze asko dute”.
Bidasoa konplexurik gabe kantxaratuko da gaur Alemanian, Mozasek onartu bezala, “emaitza on bat lortzeko helburuarekin eta, itzulerakoan, Artalekun hori borobiltzeko asmoarekin”. Horretarako, “erritmo ona edukitzea eta baloi galerak kontrolatzea” izanen da gakoa, alemaniarrak ez baitute laster gehiegirik egiten, baina gogorrak dira baloi galeretan. Honez gain, “defentsan ongi egon behar gara, elkarrekin eta 5-1 marrazkiarekin jokatzeko prest”. 60 minutuko partidua baino, 120koa dela ere azpimarratu du entrenatzaileak: “120 minutuko partidua da eta ezin diogu ihes egiten utzi. Ezin ditugu hamar minutu txar eduki. Konstanteak izan behar gara gero, itzulerakoan, aukerak edukitzeko Artalekun”.
Horiek ere abantaila izan dezaketeela argitu du Alex Mozasek. Izan ere, “Melsungen Bundesliga irabazteko lehian dago eta hori denaren gainetik dago. Gure anbizioak neurketa parekatu dezake zertxobait”. Taktikoki ere orain arte Bidasoak erakutsi ez duen jokoa baduela ere jakinarazi du prestatzaileak. Hala ere, hori Artalekun erakusteko gogoa du Mozasek, itzulerakoan sorpresa eman eta Final Four-era sailkatzeko aukera benetan borrokatzeko: “Taktikoki badira zenbait jokaldi ez ditugunak orain arte egin. Horiek entrenatuko ditugu. Hala ere, horiek gorde eta Artalekun erakustea gustatuko litzaidake. Horretarako, aldea ahalik eta gutiena izatea lortu behar dugu eta Artalekura aukerekin ailegatu. Final Four-era sailkatzea amets bat izanen litzateke”.