Aldaketa garaia Mariñon
Denboraldiaurre zaila izan du aurten Mariñoko nesken talde nagusiak. Joan den denboraldian eroso eutsi zioten urdinek Bigarren Mailari. Baina udan iraultza izan da taldean. Jokalarien multzo handi batek taldea utzi du. Horien artean, esperientzia handiko neskak. Taldea asko gaztetu dute, jubenil mailatik datozen jokalariekin. Hasieran, kosta zaie martxan jartzea. Zazpigarren partidan lortu dute lehen garaipena. Azken jardunaldietan, berriz, hobekuntza agerikoa izan da. Bigarren Mailako zortzigarren postuan dago orain Mariño, hamaika punturekin, gora begira.
Belaunaldi aldaketarekin batera hartu du Iñigo Olaizola entrenatzaileak Bigarren Mailako taldearen gidaritza. Joan den denboraldian bigarren entrenatzaile izan zen, eta aurrekoaren lekukoa hartu bezain pronto, buruhausteak izan zituen. Hamaika jokalarik utzi zuten taldea denboraldiaren amaieran. Horietako asko, Mariñon urte mordoxka egindako neskak ziren. “Nortasun handiko jendea zen. Esperien-tzia hori ordezkatzea zaila da”, onartu du Olaizolak. Gainera, Melodi Aguilar kapitainak lesio larria izan zuen. Tibia eta peronea hautsi zituen, eta errehabilitazioan dabil oraindik: “Gogorra izan da ulertzea lesio larria dela. Ez nuen uste horrenbesteko denbora eta ahalegina eskatuko zituenik. Gimnasiora joaten naiz astean lau aldiz, lehenbailehen osatzeko”.
Joan den urteko taldetik, bospasei neska dira Mariñon jarraitzen dutenak. Taldearen oinarria osatu dute. Ginerako taldekideak, jubenil kategoriatik datozen neska gazteak dira. Maila handiko jokalariak dira, hori bai. “Jubeniletan bi aldiz Gipuzkoako Txapeldun izan dira”, gogoratu du Iñigo Olaizolak. Urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen, eta ondo ezagutzen dute elkar. Hori dela eta, egokitze prozesua bi-txia izan dela azaldu du Aguilarrek: “Gazteak helduen taldera egokitu beharrean, ia alderantziz egin behar izan dugu, helduak gutxiago garelako”. Dena den, harrera ona izan dela, eta adinean aldea dagoen arren, harremana ona dela baieztatu du kapitainak.
Taldearen integrazioa baino zailagoa izan da Bigarren Mailara egokitzea. Jubenil mailatik jauzi handia dago, eta jokoa oso ezberdina da. “Esperientzia handiko jokalari helduak daude. Jokoa fisikoagoa da, eta indar handiagoa dute. Gainera, luze jokatzen dute askotan. Beraz, baloia eskuratzeko airez lehiatu behar izaten dugu, eta guretzat ez da egokiena”, argitu du Iñigo Olaizolak. Maddi Aranguren taldeko gaztetxoetako bat da, eta erri-tmoan dagoen aldea nabarmendu du: “Jokoa askoz azkarragoa da, eta erne egon beharra dago. Ez dago asko pen-tsatzeko denborarik”. Esperientzia gehien duten taldekideen laguntza jaso dute gazteek. “Aurkariak ezagutzen dituzte, eta pista batzuk ematen dizkigute, taldeari komeni zaiona egiteko”, aipatu du Arangurenek.
Etorkizunerako ikasketa
Zazpi jardunaldi behar izan zituen Mariñok irabazteko. Lehen partida galdu egin zuen, eta hurrengo bostak segidan berdindu zituen. Ez zuen neurketak borobiltzea lor-tzen. “Jubenileko edo Bigarren Mailako 90 minutuak ez dira berdinak. Bigarren mailan, irabazten ari bazara ere, azken txanpan arlo fisikoak edo psikologikoak huts egiten baldin badizute, makalaldi bat izan dezakezu, eta aurkariak aprobetxa dezake”, adierazi du Melodi Aguilarrek. Iñigo Olaizola entrenatzaileak azpimarratu du bereziki geldikako jokaldietan sufritzen dutela, jokalari txikiak eta arinak dituztelako. Bitxikeria argigarria kontatu du: “Hamalau jokalarik S neurriko kamiseta daramate”. Jokalari teknikoak dira, ondo mugitzen dute baloia. Baina batzuetan, ezin izaten diote haien jokoari etekina atera. “Gu baloiarekin atzetik irteten saiatzen gara, baina beti ezin izaten da, presio handia egiten digutelako”, argitu du entrenatzaileak.
Ligak aurrera egin ahala, ikasiz eta egokituz joan dira. Sailkapenaren erditik gora ibiltzeko ahalmena dutela uste dute neskek. Horretarako egin beharrekoen zerrenda luzatu du Maddi Arangurenek: “Entrenamenduetan, ezinbestekoa da kontzentrazioa eta ariketetan gogor saia-tzea. Partidetan, garrantzitsuena da gure artean elkarri laguntzea eta animatzea”. Mailari eustea da taldearen helburu bakarra, eta ez dirudi oso larri ibiliko direnik. Onena, taldearen gaztetasuna kontuan hartuta, jokalariek hartuko duten esperientzia da. Etorkizunerako talde polita osatzen ari direla pentsa daiteke. Gainera, goraipatzekoa da neska gehienak Mariñoren harrobian hazitakoak direla.