Albert Carbó: “Taldeak konfiantza du eta zerbait positibo ateratzen saiatuko gara Lasesarren”

2025/01/31
Real Unionek Barakaldo bisitatuko du Lasesarren, igande honetan (otsailaren 2an) 12:00etan. Neurketa zaila izanen dela argi du Albert Carbó txuribeltzen entrenatzaileak, baina urte hasiera honetan irundarrek izan duten dinamika onari segida ematen saiatuko direla ere adierazi du.
Albert Carbó: “Taldeak konfiantza du eta zerbait positibo ateratzen saiatuko gara Lasesarren”

Real Unionek Barakaldo bisitatuko du asteburu honetan Lasesarren. Zehazki, larunbat honetan, otsailaren 2an, 12:00etan jokatuko dute elkarren arteko partidua. Neurketa zaila izanen da, Barakaldi sailkapeneko goiko postuetan dagoen taldea baita eta azken bost partiduetan porrotik jaso gabe ailegatuko delako etxeko zelaian jokatzera. Real Union, bere aldetik, dinamika onean hasi du 2025 urtea eta hori baliatuko du ahal den mailarik onena emateko. 

Barakaldo “arerio oso zaila” dela onartu du Albert Carbók gaur goizeko prentsaurrekoan. Denboraldi honetan egiten ari den lanetik harago, azken bi urteetan daraman dinamika ona azpimarratu du entrenatzaileak: “Hirugarren RFEF mailan ez zuten partidurik galdu eta Bigarren RFEF mailara igo zen. Bigarren RFEF mailatik Lehen RFEF ere igo ziren eta dinamika oso onean daude. Aurten ere sailkapeneko lehen postuetan dago eta azken bost partiduetan ez du galdu. Horrez gain, bere zelaian arituko dira oraingoan”. 

Hala ere, Real Unionek ongi hasi du denboraldiko bigarren itzulia. Bi garaipen segidan lortu ditu eta dinamika onean dagoela ere erran daiteke. Horren harira, “taldeak konfiantza duela” adierazi du Carbók eta Lasesarren “zerbait positiboa ateratzen saiatuko” direla. Horretarako lanean ari dira aste honetan zehar eta lortutako garaipenekin “lasaiago” dabiltza, nahiz eta “exijentzia berarekin”. 

Azken orduetan jakin denez, Barakaldok bere jokalari garrantzitsu bat galdu du, Athleticek fitxatua: Maroan Sannadi. Prestatzaileak aipatu duenez, “kontuan hartu beharreko mugimendua” da, baina edonola ere, “Barakaldo ez da futbolari hori soilik. Bertze jokalariak ere garrantzitsuak dira, garaipenak lortzea ere ahalbidetuko dutelako. Maroan ez badago, ezaugarri berak dituen bertze jokalari bat jarriko dute”. 

Aurkari gogor honi aurre egiteko, zaleek ere eragina izanen dute. Bi autobus bete dituzte dagoeneko Lasesarrera joateko, eta aurreikusten denez, hori baino irundar gehiago hurbilduko dira Barakaldora. Carbók azpimarratu duenez, “zaleen babesa oso garrantzitsua zaigu eta bertan egotea espero dugu. Afizioarekin pasioa sentitu dugu. Jokalariek sentimendua eta pasioa erakutsi zieten eta harmailetan ere ikusi zen hori, batez ere Sestaon. Etxean ere hori sentitu genuen eta garaipen moduan emateaz gain, irabazteko gogoan ere gauza bera transmititzen saiatzen gara”. 

Hori guztia erakusteko gogoz dago beraz, Real Union, eta igandea iristeko irrika berezia dute zaleek ere. Igandean, otsailaren 2an, 12:00etan bi talde euskaldunen arteko derbi berezi eta gogorra bizi ahal izanen dute denek.