Albert Carbó: “Momentu delikatu batean gaude eta puntu guztiak garrantzitsuak dira”
Bost partidu bertzerik ez zaizkio gelditzen Real Unioni denboraldiari bukaera emateko. Gutxi da, baina berebiziko garrantzia izanen dute bertan banatuko diren hamabost puntuek. Bost final izanen direla argi du Albert Carbó entrenatzaileak eta horrela eginen diote aurre horietako lehenari, Gimnástic Tarragoren kontra jokatuko dutenari (igandean, apirilaren 27an, 17:00etan). Azken urteetan igoera lortzen saiatzen ari den taldea da aurkaria eta aurten ere borroka horretan dabil. Ez dizkio puntuak oparituko beraz, Real Unioni, baina azken hauek ere ez dute hori eginen. Hauentzat ere urrezko puntuak izanen baitira igandean banatuko direnak.
Albert Carbó Real Uniongo entrenatzaileak onartu duenez, bi taldeak egoera delikatuetan daude momentu honetan. Gimnástic Tarragona gora begira ari da, sailkapeneko lehen postuetara. Real Union aldiz, behera, jeitsiera postuetaik aldentzea baitu helburu nagusia. Horregatik, “puntu guztiak garrantzitsuak” direla azpimarratu du, eta ezin dituztela “oparitu”. “Hiru puntuak irabazten saiatuko gara, jeitsieratik aldentzeko”, gaineratu du Carbók.
Hori lortzeko, lan mardula egin beharko du Real Unionek. Prestatzaileak berak aitortu duenez, “mailako jokalari bereizgarriekin osatutako plantilla” baitu Tarragonak, “defentsiboki ona dena, baita erasoan ere”. Baloi geldiriko jokaldietan irabazten du gehien aurkariak eta horiek kontrolpean izan beharko dituzte txuribeltzek, ahalik eta gehien egokitzeko etxekoek ezarriko duten jokamoldera. Alde horretatik, Carbók aipatu du “Real Unionek erakutsi du baloi geldiriko partiduak irabaz ditzakeela”.
Astean zehar lan ona egin dutela ere errepikatu du entrenatzaileak, “partidutik zerbait positiboa atera dezagun eta Tarragonara hiru puntuak irabazteko pentsaerareko joan gaitezen”. Real Unionek ere lehiaketarako martxa ona duela adierazi du eta argi dute emaitza ona atera dezaketeela igandean. Hori izanen baita garrantzitsuena: hiru puntuak atera eta sailkapenean gora egin.