Albert Carbó: “Klubaren historia ezagutzen duen jendeak jakinarazi dit derbi honen benetazko erranahia”
Real Unionek Sanse jasoko du bihar, otsailaren 22an, Stadium Galen elkarren kontrako derbia jokatzeko. Ordutegi on batean, 20:00etan jokatuko baita neurketa, zaleek bertan egotea espero du Albert Carbó entrenatzaileak. Garaipena lortzeko ezinbertzekoa izanen baita euren bultzada, gehiago partidu honek duen berezitasuna kontuan hartuta.
Albert Carbók jakinarazi duenez, “klubean urteak daramatzan jendean jakinarazi dit derbi honen benetazko erranahia”. Horrela, arduraz eta errespetuz, baina baita ilusioz ere ekinen diote biharko neurketari Real Uniongo jokalariek. Txuribeltzak garaipena eskuratu nahi dute, bai edo bai, eta horretarako etxean jokatzea garrantzitsua izanen dela azpimarratu du entrenatzaileak: “Gure zaleen aitzinean jokatuko dugu eta Galen jokatu genituen azken bi neurketetan bezala, zaleek bultzatzea espero dugu. Ordutegi onean ospatuko da partidua eta normalean baino jende gehiago etortzea ere espero dugu. Honela, laguntza izanen dugu partidua irabazteko”.
Hala ere, Carbók onartu du zaila izanen dela neurketa, exijente, sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea izanen baitute aitzinean: “Ez da bakarrik derbia dela, lehen itzulian 5-0 irabazi zuen Sansek gure kontra. Bihar errebantxa hartzeko aukera dugu, jakinda talde oso indartsu baten aurrean egonen garela. Konfiantzaz aterako gara zelaira, baina errespetuz. Ongi egitean ari garenari segida eman nahi diogu eta %100-ean egon nahi dugu garaipena eskuratzeko”.
Sansek jokalari oso onak dituela ere azpimarratu du prestatzaileak, “futbol profesionalera ailegatzeko prest daudenak”. “Egoera guztietara egokitzen den taldea” dela ere jakinarazi du Carbók eta gaineratu du “Lehen RFEF maila bezalako kategoria zail batean lehiakor izateak” meritu handia duela. Honen guztiaren aitzinean, Real Unionek garaipena eskuratzeko gakoa zein izanen den ere argi du. “Fase eta momentu bakoitzean ideiak garbi edukitzea eta konsziente izatea” izanen da garrantzitsuena entrenatzailearen ustez, baita “jokuan dagoen edozein baloi lehiatzea” ere. Ilusioa ere izanen dute lagun txuribeltzek eta horrek lagunduko du ahalik eta maila hoberena ematen, hiru puntuak Galen gelditzeko.