Albert Carbó: “Jokalariek duten energia eta amorrua erakutsi behar dute Galen, zaleen babes gaitzaten”
Real Unionek Zamora jasoko du igande honetan, urtarrilaren 12an, 12:00etan Galen. Gabonetako atsedenaldiaren ondotik, 2025ean jokatuko duten lehen neurketa izanen da. Oporrak ongi aprobetxatu dituztela aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan Albert Carbó entrenatzaileak eta gaineratu du egin dituzten hobekuntzat erakusteko prest daudela.
“Plantillaren eguneroko hobekuntza” bilatzen ari direla aipatu du Albert Carbók Zamoraren kontrako atariko prentsaurrekoan. Horretan burubelarri aritu dira Gabonetako atsedenaldian, “entrenamendu oro aprobetxatzen jokalarien hazte prozesuan eragitzeko”. Carbók onartu duen moduan, “jokalariek lanerako euren prestutasuna erakutsi dute une oro. Egoera ez da erraza, puntuak eta garaipenak behar ditugu, baina gogoz gaude iganderako partidurako. Real Unionek duen amorrua eta energia erakutsi nahi ditugu”.
Zamora aurkari zaila izanen dela ere argi du prestatzaileak: “Zamora oso lehiakorra da. Jokuaren erregistro guztiak menderatzen ditu. Zaila da eurek erasotzea. Neurketa estuak eta emaitza onak lortu ditu orain arte. Maila honetan partidu guztiak dira zailak”. Horren aitzinean, eurengan zentratu behar direla azpimarratu du Carbók: “Galen egonen diren zaleei gure energia eta amorrua erakutsi behar dizkiegu, gu babes gaitzaten. Horrez gain, gu geu izan behar gara. Gure onena erakutsi behar dugu, orain arte egindako lan on guzti hori eta entrenamenduetan landu ditugun hobekuntza horiek”.