Albert Carbó: “Ideia komun batetik abiatuta hazi nahi dut hemen”

2024/12/05
Real Uniongo lehen taldeko entrenatzaile berriak lehen prentsaurrekoa eman du, txuribeltzen eta Bilbao Athletic taldeen arteko derbiaren atarikoan. Neurketa larunbatean, abenduaren 7an, ospatuko da 17:30ean.
Albert Carbó: “Ideia komun batetik abiatuta hazi nahi dut hemen”

Albert Carbóren aurkezpena egin du gaur goizean Real Unionek, larunbatean (abenduaren   7an) Bilbao Athletic-en kontrako jokatuko duen derbiaren atarian. Lehen taldeko entrenatzaile berriak proiektu hau “ilusioz eta errespetuz” hartzen duela onartu du eta, bere “ñabardurak” gehituta eta “ideia komun batetik abiatuta”, hazi nahi du talde txuribeltza. 

“Bizitza azkar aldatzen zaizu”, erran du Albert Carbók. Birminghamen egotetik, Aston Villako lehen taldeko talde teknikoko kide gisa, Irunen egotera, talde txuribeltzaren lehen entrenatzaile bezala. Erantzun azkar bat eman behar izan zuen behin proposamena jasota eta “jasotako babesa handia” izan zenez, “ardura handia eskatzen duen” proiektu honi baietz erran zion, nahiz eta epe laburrean ez zuen intentziorik lehen entrenatzaile izateko talde bakar batean. Hala ere, kataluniarra prest dago ardura guzti horiek hartzeko: “Klub historiko bat da eta helburu handiak ditu. Nik Hirugarren Mailan entrenatu dut eta oso entrenatzaile onak izan ditut ondoan hezten lagundu didatenak. Azken urteetan, Unai Emeryk aukera berriak eskaini zizkidan eta bere talde teknikoarekin batera, asko ikasi dut”. 

Bere burua “metodikotzat” du Carbók, “lanean sinesten” duena eta bere taldearekin “hobekuntza konstantea” bilatzen duena. Horrez gain, “futbolariaren ondoan egoten” saiatzen dela adierazi du eta hortik aitzinera, “hazten saiatzen dena partidu bakoitza aurrera eraman ahal izateko”. Kataluniarra egoera guztietara egokitzen saiatzen da ere, eta irtenbideak bilatzen partidu bakoitzari aitzin egiteko. 

Atzo gidatu zuen Carbók bere lehen entrenamendua Real Unionen: “Plantilla ezagutzeko aukera izan nuen atzo eta lehen entrenamendua gidatzeko ere. Harrera ezinhobea izan zen eta nire lehenbiziko inpresioa oso ona izan zen, taldea oso ona delako. Orain, poliki-poliki, taldea eraikitzea egokitzen zaigu, jokalariak hobeki ezagutuz. Ideia komun batetik abiatuta eraikitzen joanen gara. Aurretik ongi egindako aprobetxatuko dugu eta, gure ñabardurak sartuta, lanean jardungo dugu umiltasunez”. 

Egoera zail batean dago Real Union momentu honetan, sailkapeneko jeitsieta postuetan. Hortik atera nahi du taldeak, nahiz eta entrenatzaile berriak ez duen helbururik jarri nahi:  “Garaipenak lortzen saiatu behar gara jeitsiera postuetatik ateratzeko, baina ez ez dut helbururik jarri nahi. Nire ametsa harmailak betetzea izanen litzateke eta hona ailegatzera lagundu didatenen aurrean play-off bat jokatzea”. 

Horretarako bidelagunak ere izanen ditu Carbók, hurrengo asteetan ailegatuko direnak. Jordi Verdaguer izanen da lehen taldeko prestatzaile fisikoa, entrenatzaileak berak aurreratu duenez, eta bigarren entrenatzailea ere fitxatua du, nahiz eta lehen asteetan ez den bere ondoan egonen, “familia arazo batzuk konpondu behar dituelako”. Hauek guztiak, elkarrekin, “ideia komun bat” osatuko dute, “bai defentsan eta bai erasoan ere”. Kataluniarrak taldea “baloi gabe eroso sentitzea” nahi du, baloiarekin dagoeneko talenta duela ikusi baitu. 

Lehen erronka Bilbao Athletic-en kontra

Ailegatu bezala, Bilbao Athletic-en kontrako derbia prestatu beharra du Albert Carbók, hori izanen baita egoera berri honetan lehen erronka taldearentzat. Entrenatzaileak berak aipatu duenez, “ez dira erotuko” neurketa hau prestatzerako orduan: “Ez gara erotuko aldaketak sartzen. Egoera zail batean dago taldea, entrenatzaile baten ordezkapenaren ondotik eta ziurgabetasunarekin hartzen zaitu. Hala ere, jokalariekin eta kapitainekin egon ondoren, ilusioz ikusi nituen eta jeitsiera postuetatik ateratzeko gogoz”. Hala ere, aurkaria, Athletic-en filiala, ez da talde samura izanen garaipena eskuratzeko. Carbók onartu du, “talde gaztea” dela eta “talentua duena”. Gainera, bi garaipen erdietsita etorriko da Galera, “Lehen Mailan aritutako jokalariekin”. Edonola ere, etxean arituko dela kontuan hartuz, prestatzaile berriak “indartsu” zelairatuko direla baieztatu du eta garaipena eskuratzeko neurketa bat planteatuko dutela.