Albert Carbó: “Erronka polit bat daukagu asteburuan, hirugarren partidua segidan irabaztea bisitari gisa”

2025/02/14
Real Unionek Celta Fortuna bisitatuko du asteburu honetan, Barreiron, igandean (otsailaren 16an) 12:00etan. Denboraldiko bigarren itzuliko bostgarren garaipena segidan lor dezake talde txuribeltza eta hori izanen dute begiz jota, garaipena eskuratu eta hiru puntu gehiagorekin, maila mantentzea.
Albert Carbó: “Erronka polit bat daukagu asteburuan, hirugarren partidua segidan irabaztea bisitari gisa”

Real Unionek Celta Fortuna bisitatuko du igande honetan, otsailaren 16an, 12:00etan. Urtea ezin hobe hasi du talde txuribeltzak eta dinamika on honi segida eman nahi dio asteburuan ere. Talde gogorra izanen du aitzinean eta neurketa ez da erraza izanen, baina Albert Carbó entrenatzaileak adierazi duen moduan, erronka polita izanen du aitzinetik talde irundarrak: kanpoan jokatzen duten hirugarren neurketa segidan irabaztea. 

“Neurketa oso zaila” izanen du igande honetan Real Unionek, Albert Carbó entrenatzailearen iritziz. “Celta Fortuna harrobiko taldea da eta Lehen Mailan parte hartzen duten jokalariak ditu, epe motz edo luzean futbol profesionalean ikusiko ditugunak”, gaineratu du. Hala ere, talde txuribeltzak asteburu honetan aitzinetik duen erronkari begira dago prestatzailea. Urtea lau garaipenekin hasi du talde irundarrak eta orain bostgarrena ere eskuratu nahiko du: “Marka polita lor dezakegu, erronka polita, bostgarren garaipena segidan lortzea hain zuzen ere, hirugarrena bisitari gisa”.

Aurkariaren inguruan, “erasoan gol gehien sartzen dituen taldea” dela oroitarazi du Carbók. Honez gain, “zelaian proposamen berbera izaten dute beti, metodologiak edo entrenatzaileak denboran mantendutakoa. Beti ideia berbera izaten dute eta hortik hazi egin dira”, adierazi du prestatzaileak. Berari, pertsonalki, taldearen jokoa gustatzen zaio, “errespetua merezi” duela erran du, nahiz eta azken aldian dinamika ez hain onean egon eta merezi duena bain puntu gutxiago batu. 

Real Unioni begira, igandean neurketa irabazteko gakoa azken asteetako berbera izanen dela errepikatu du entrenatzaileak: “Orain arteko Real Union bera izaten segitu behar dugu, zenbait ñabardurekin aurkariari egokitu ahal izateko”. Indibidualki kontrolpean eduki behar dituzte etxeko taldeko jokalariak, baina edonola ere, garrantzitsuena “anbizioz” jokatzea izanen da, horrek eman baitizkie orain arteko garaipen guztiak Carbóren ustez.