Albert Carbó: “Bihar irabaziko bagenu inflexio-puntu batean egongo ginateke”

2025/01/24
Real Unionek, pasa den asteburuan garaipena eskuratu ondotik, Gimnástica Segoviana jasoko du bihar, urtarrilaren 25ean, Stadium Galen (20:00). Oraingoan ere irabaziz gero, “inflexio-puntu” baten aitzinean egonen direla argi du Carbó entrenatzaileak.
Albert Carbó: “Bihar irabaziko bagenu inflexio-puntu batean egongo ginateke”

Real Unionek denboraldiko bigarren itzuliko bigarren jardunaldia jokatuko du bihar, urtarrilaren 25ean. Lehen jardunaldia izanen da etxean jokatzen dutena eta horretarako, Gimnástica Segoviana jasoko du talde txuribeltzak. Pasa den asteburuan hiru puntuak irabazi ondotik, oraingoan ere gauza bera egin nahi du Albert Carbóren taldeak Galen.

Lehen RFEF mailako sailkapena oso estu dagoela adierazi du Albert Carbók eta astebururo, partiduen ondotik, aldatzen dela taldeen kokapena, baita Real Unionena ere. Sestaoren kontrako garaipenak jeitsiera postuetatik aldentzeko balioko dio talde txuribeltzari, baldin eta asteburu honetan ere garaipena eskuratzen badu. Entrenatzaileak berak erran duenez, “bihar irabaziko bagenu, inflexio-puntu batean egongo ginateke, baina hau futbola da. Bihar irabazten ahal dugu, baita berdindu edo galdu ere. Irabazten badugu, inflexio-puntu bat izango da Barakaldoren kontrako neurketari aurre egiteko. Galtzen badugu, modu berean lanean segituko dugu, partiduak irabazteko formularen bila”. 

Gimnástica Segoviana, gaur egun, “arerio zuzena” da Real Unionentzat. Azken bi neurketetan bi porrot jarraian jaso baditu ere, “errespetu handia” merezi duen taldea dela dio prestatzaileak. Lehen itzulian ere, Segovianaren etxean puntuak galdu zituen talde txuribeltzak eta hori presente izanen dute bihar. Hala ere, Galen jokatzean Carbóren mutilen alde jokatzen du eta horrek laguntzea ere espero du taldeak: “90 minutuetan lehiakorrak izan beharra gara eta Sestaoko energia berbera erakutsi harmailetan egonen direnei. Gal gotorleku bat izan behar da eta izango da. Guk dugu hori transmititzeko ardura eta horrela, zaleek ere babes moduan bueltatuko gaituzte hori. Denon artean Galen irabaztea zaila dela erakutsi behar dugu”. 

Defentsan eta erasoan sendo egon behar dutela argi du entrenatzaileak. Sestaon irabazteak lagundu egiten du horretarako, batez ere, “konfiantza gehiagorekin entrenatzeko, energia gehiagorekin”, Carbók dioenez. Biharko neurketa “mendeku” baten gisan hartuko dute txuribeltzek, baita Sestaon lortutako kasualitate hutsa ez dela ere erakusteko.