Albert Carbó: “Azken asteetako Real Union hori erakusten segitu behar dugu”
Real Union eta Unionistas de Salamanca aurrez aurre izanen dira igande honetan, otsailaren 9an, Stadium Galen (12:00). Talde txuribeltzak dinamika onean hasi du denboraldiko bigarren itzulia eta horri segida eman nahi dio asteburu honetan ere. Aitzinean ez du arerio erraza edukiko ordea, talde lehiakor bat etorriko baita Irunera eta etxekoek euren onena eman beharko dute zelaian.
Bertze behin neurketa zail bat izanen du asteburu honetan Real Unionek. Albert Carbók erran duenez, Unionistas de Salamanca “aurre egiteko talde zailenetariko bat da. Bere maila emaitzetan ikusten da eta berdinketa gehien lortu dituen taldea da. Horrez gain, galdu duenetan ere, ez da bi gol baino gehiagoko desberdinatasunarekin izan. Talde oso lehiakorra da, oso konprometitua defentsan”. Horren aitzinean, Real Unionek “azken asteetan erakutsi duena zelairatu beharko” duela onartu du Carbók. “Ahalik eta konzentrazio mailarik altuena erakutsi behar dugu eta gure mailarik onena eman 90 minutuetan zehar”, gaineratu du prestatzaileak.
Astean zehar Real Unionek atsedenik gabe segitu du lanean, uste baitute “eguneroko lanak ematen dituena epe luzerako emaitzak”. Jokalariengan “konfiantza sutsua” dutela ere azpimarratu du Carbók eta egunerokoan “gehitzen” ari direla. Konpromezu horretan ere sartu ditu harrobiko jokalariak: “Gurekin lanean ari dira eta heziak ailegatzen dira entrenamenduetan gehituz”. Horrez gain, Joan Puig jokalari berriaren ekarpena ere azpimarratu du entrenatzaileak. “Egokitzen” ari dela dio, baina “ongi entrenatzen” ari dela ere jakinarazi du.