Alaine Aguerraldek 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra erdietsi du

2025/01/29
Bidasoa Atletiko Taldeak pista estaliko Euskadiko Txapelketa Absolutuan hartu zuen parte asteburuan eta guztira, 12 domina eskuratu zituen: urrezko bortz, zilarrezko bi eta brontzezko bertze bortz.
Alaine Aguerraldek 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra erdietsi du

Euskadiko pista estaliko Txapelketa Absolutua ospatu zen pasa den asteburuan Donostiako Anoeta belodromoan, indibidualki jokatzen den erkidegoko txapelketarik garrantzitsuena. Bidasoa Atletiko Taldeak ordezkapena izan zuen bertan eta lan ona eginda bueltatu zen etxera. Txapelketaren presioa gaindituta, guztira, 12 domina eskuratu zituzten taldeko atletek: urrezko bortz, zilarrezko bi eta brontzezko bertze bortz. Honez gain, Alaine Aguerraldek 20 urtez azpiko Gipuzkoako errekorra ere erdietsi zuen. 

Urrezko dominei erreparatuz, Alaine Aguerraldek lortu zuen emaitzarik onena 400 metroko lasterketan. 55,93 segundurko denboran bete zuen proba eta beraz, Euskadiko txapelduna izateaz gain, Gipuzkoako 20 urtez azpiko errekorra ere lortu zuen. Aguerraldez gain, Zuriñe Celisek ere lortu zuen lehen postua luzera-jauzian, 5,66 metro eginda. 800 metroko lasterketan, Ainhoa Idoiagak poltsikoratu zuen urrezko domina, 2:13,56 minuturekin. Proba berean, gizonen kasuan, Ander Angladak lortu zuen podiumeko lehen koskara igatea, 1:53,51 minutuekin. Azkenik, Iker Arotzenak eskuratu zuen bostgarren domina, luzera-jauzian, 7,35 metrorekin. 

Zilarrezko dominei dagokionez, bi lortu zituen BATek. Batetik, Goizane Garciak pisu jaurtiketan lortu zuen bigarren postua, 12,37 metro eginez eta bertzetik, Gonzalo Tamayok ere zilarrezko domina poltsikoratu zuen, 13,86 metro eginda.

Azkenik, brontzezko dominei begira, bertze bortz lortu zituen Irungo klubak. Nerea Oyarzabalek ikaragarrizko proba egin zuen bere itzuleran. Altuera-jauzian parte hartu zuen eta hirugarren postua lortu zuen, 1,58 metrorekin. Irune Muguruza ere podiumeko hirugarren koskara igan zen, 400 metroko lasterketan, 56,90 segundu eginez. 1.500 metroko lasterketan berriz, Sara Mancisidorrek hirugarren postua eskuratu zuen, 4:59,42 minuturekin. Gizonei dagokionez, Juan Errandonean jauzi hirukoitzean lortu zuen brontzezko domina, 14,52 metro lortuz. Azkenik, Jon Matey hirugarren sailkatu zen altuera-jauzian, 1,90 metroko saltorik onenarekin. 

Dominez gain, bertze emaitza onak ere eskuratu zituzten BATeko zenbait atletek. Horien artean, bigarren domina eskuratu zuen Zuriñe Celis aipatu beharra da, laugarren izan baitzen ere jauzi hirukoitzean (11,86 metro). Azkenik, Ariz Leonetek bostgarren postua eskuratu zuen 1.500 metroko lasterketan (4:00,36 minutu).