AIZPEA GONZALEZEK ETA NAROA ZUBIMENDIK IRABAZI DUTE IRUNDARRON SARIA
Omenaldi bereziak ere eskaini zituen Irungo Udalak, tartean Leontxo Garciari emandako Txokolatezko Baloia
Irungo Udalak Irungo Kirol Gala ospatu zuen atzo arratsaldean Ficoban. Bertan, hiriko kirolari gehienak bildu zituzten eta hauek omentzeko sariak ere banatu zituzten. Galako saririk bereziena Irundarron Saria izan zen, hiritarrek bozkatzen dutena hain zuzen ere. Honen irabazleak Aizpea Gonzalez eta Naroa Zubimendi Santiagotarrak-eko arraunlariak izan ziren. Bertzalde, Unai Sagarzazu, Ander Montserrat, Sebas Martinez, Irati Beorlegi, Leontxo Garcia, Bidasoa Atletiko Taldea eta Irunes Txirrindularitza Taldea ere sarituak izan ziren.
Ylenia Benito kazetariak aurkeztu zuen atzoko Kirol Gala. Bidasoa Klubari eskainitako bideo hunkigarri baten ondotik, hasiera eman zion sari banaketari Benitok. Lehenbizi, nominatu guztiak igan ziren oholtzara eta denek jaso zuten opari txiki bat oroigarri gisa. Musika eta dantza ikuskizun batzuen ondotik, saridunak iragarri zituzten.
Irungo klub onena saritzen hasi ziren eta garaikur hau konpartitua izan zen. Hain zuzen ere, Bidasoa Atletiko Taldeak eta Irunes Txirrindularitza Taldeak eraman zuten sari hau, Irunen euren harrobiarekin eta kirol sustapenarengatik egiten duten lanarengatik. Gizonezko kirolari onenaren saria ere hirukoitza izan zen, izan ere, Unai Sagarzazuk, Ander Montserratek eta Sebas Martinezek irabazi zuten sari hau, Trinketeko Munduko Txapelketan txapeldunorde izateagatik. Emakumeen arten kirolari onena Irati Beorlegi izan zen atzoko arratsaldean. Beorlegik OCR lasterketak egiten ditu eta Espainiako Txapelduna da kirol horretan.
Segidan, Irungo Udalak Txokolatezko Baloia eman zuen. Sari hau hiritar berezi batek irabazten du urtero, kirolarengatik munduan zehar egiten duen lanarengatik. Aurten, Leontxo Garciari eskaini zioten aitortza hau. Garcia xake kazetaria da eta nazioartean lan egiten du, xakea sustatzen eta hitzaldiak ematen, bertzeak bertze. Ibilbide luzea eta oparoa duen kazetari irundarra da eta horregatik, Irungo Udalak bere lana goraipatu nahi izan zuen sari honekin.
Bertze omenaldi batzuk ere eskaini zituen Udalak. Hala nola, Eki Fanlo nazioarteko errugbi epailea, Leka-Enea mahai tenis kluba eta Txingudi Eskubaloi Klubeko talde egokitua omendu zituzten, egiten duten lanagatik, dituzten lorpenengatik eta Irungo hiriaren izena munduan barrena zabaltzeagatik.
Saririk bereziena galaren bukaeran banatu zuten. Hain zuzen ere, Irundarron Saria eman zuten atzoko arratsaldea borobiltzeko. Garaikur hau Irungo hiritarrek erabakitzen dute bozka bidez eta aurtengo irabazleak Santiagotarrak taldeko Aizpea Gonzalez eta Naroa Zubimendi arraunlariak izan ziren.
Saridun eta nominatu guztiak pozik gelditu ziren jasotako aitortzagatik eta horrelako sariak antolatzeko garrantzia azpimarratu zuten. Eurek urte guztian zehar lana egiten dute, aunitzek munduan zehar gainera, eta denek Irunera itzultzea etxera bueltatzea dela erran zuten. Horregatik, bertan aitortua izatea, eta euren bizilagunen aldetik, oso garrantzitsua dela onartu zuten.