AIZPEA GONZALEZ HIRUGARREN BAÑOLAS-EKO OPEN-EAN
Irundarra Espainiako selekzioarekin bilduta dago orain datozen nazioarteko hitzorduetarako prestaketak egiteko
Santiagotarrak-BM aulki mugikorreko taldekide batzuk Bañolas-en (Girona) egon ziren pasa den asteburuan Espainiako selekzioan sartzeko aukera eman duten Open txapelketan parte hartzen. Irungo klubeko bortz arraunlari izan ziren bertan, lau ontzitan banatuta. Aizpea Gonzalezek lortu zuen hirugarren postua, baita Espainiako taldearekin prestaketak egiteko aukera ere.
Emaitzarik nabarmenena Aizpea Gonzalezena izan zen. Maila absolutuko skiff-ean hirugarren izan zen Irungo arraunlaria eta horri esker, Espainiako selekzioarekin bilduta dago orain, Bañolas-en, datozen nazioarteko hitzorduak prestatzen. Honez gain, Irati Laguardia eta Maitane Zapirain zazpigarren izan ziren, jubenil mailako lemazain gabeko binakakoan. Xabier Etxebestek hamargarren postua eskuratu zuen jubenil mailako skiff-ean, eta azkenik, kategoria berean, Ane Calvo 18. postuan helmugaratu zen.
Bertzalde, pasa den larunbatean (martxoaren 18an), infantil eta kadete mailakoak Orion izan zen Gipuzkoako Ligako bigarren estropadan parte hartzen. Bertan, Jone Laguardiak, Leire Narvaridasek, Maria Martinezek eta Maialen Bengoetxeak osatutako taldea lehen postuan sailkatu zen kadete mailako scull laukoitzean, baita lemazain gabeko laukoan ere.
Azkenik, beteranoak Amsterdamen izan ziren, Heineken Roeivierkamp txapelketan parte hartzen.
Roberto Rivas Espainiako txapeldunorde
Espainiako Txapelketa ospatu zen Sevillan pasa den asteburuan ere, 5000 metroko kategorian. Piraguisten denboraldiari hasiera eman zioten honekin eta gogoz ekin zioten lehiaketari Santiagotarra-Urbycolan-eko taldekideek.
Emaitzarik azpimarragarriena Roberto Rivasek beteranoen kategorian lortutako zilarrezko domina izan zen. Honez gain, 23 urtez azpiko mailako Nerea Garciak laugarren postuan bukatu zuen lasterketa eta Uxue Arsuagak 15. postuan.
Ibon Huartek ere emaitza ona lortu zuen beteranoetan, 13. postuan helmugaratuta. Jubeniletan, Aimar Modenesek 25. postua eskuratu zuen eta Markel Juaristik 28.a, baita Ane Amostegik ere. Taldeari dagokionez, klubak hamahirugarren postuan bukatu zuen Espainiako Txapelketa.
Klara Olazabalek brontzezko domina Kayak Kross-ean
Slalom eta Kayak Kross modalitateko kirolariek ere txapelketa eduki zuten asteburuan. Pauen izan ziren hauek, Pirinioetako Kopa jokatzen. Slalom modalitatetan hamahiru izan zen Irungo klubeko partehartzaileak. Kayak Krossean berriz, bakarra.
Hain zuzen ere, Klara Olazabal izan zen Kayak Krossean parte hartu zuen piraguista irundar bakarra. Gainera, brontzezko domina kolkoratu zuen bertan. Honez gain, zazpigarren postuan sailkatu zen Slalom-eko C1 kategorian. Oier Diazek ere, kategoria berean, finalerdietarako txartela eskuratu zuen.
Asteburu honetan berriz, martxoaren 25 eta 26an, La Seu d´Urgell-en ospatuko da Pirinioetako koparen bigarren jardunaldia.