AITZPEA GONZALEZEK, AMAIUR ETXEBERRIAK, AINHOA ZAPIRAINEK ETA NAROA ZUBIMENDIK ESKURATU ZUTEN IRUNDARRON SARIA

2024/02/21
AITZPEA GONZALEZEK, AMAIUR ETXEBERRIAK, AINHOA ZAPIRAINEK ETA NAROA ZUBIMENDIK ESKURATU ZUTEN IRUNDARRON SARIA
Alba Rodriguez, Iñaki Peciña, Mariño-Real Union, Ander Elosegi, Julen Aginagalde, Ander Ugarte, Alberto “Bixio” Gorriz eta Real Sociedad Genuine talde inklusiboan ari diren Irungo jokalariak ere saritu eta omendu zituztenIrungo Udalak, bertze urte batez, Irungo Kirol Gala ospatu zuen Ficoban. Irungo hainbat kirolari zeuden nominatuak sarietara, 2023an zehar lortutako emaitzengatik, eta horietako batzuk izan ziren sarituak eta omenduak. Tartean, arratsaldean zehar banatzen den Irundarron Sari bereziaren irabazleak Aitzpea Gonzalez, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendi izan ziren, Santiagotarrakeko arraunlariak eta Espainiako txapelunordeak lauko scull modalitatean. Kirol Galari hasiera emateko, Irungo klub onenaren saria banatu zuten eta hori Mariño-Real Union proiektuarentzat izan zen. 2023/24ko denboraldian Irunen emakumeen futbola sustatzeko helburuarekin, bi klub hauek indarrak batu eta elkarrekin proiektu bat sortu zuten, emaitza ezin hobeak ematen ari dena. Hainbat emakume talde dituzte eta nagusiena, Ohorezko Erregional mailakoa, sailkapeneko bigarren postuan dago kokatuta, orain arteko partidu ia guztiak irabazita.Gizonezko kirolari onenaren saria ere banatu zuten eta hori Iñaki Peciña eskubaloi jokalariarentzat izan zen, Munduko Eskubaloi Txapelketan brontzezko dominaren irabazlea. Bera ezin izan zen bertan egon, Chambery taldean jokatzen baitu, Frantziako Ligan. Bere familiartekoek jaso zuten bere izenean, baina berak ere presente egon nahi izan zuen eta bideo bat bidali zuen eskerrak emanez. Emakume kirolari onenaren saria berriz, Alba Rodriguez grappling modalitateko borrokalariarentzat izan zen. Orain dela gutti hasi zen kirol honetan trebatzen Rodriguez, baina dagoeneko emaitza ezin hobeak eskuratu ditu. 20 urtez azpikoen mailan munduko txapeldunordea izan da eta horrez gain, bi aldiz Espainiako txapelduna ere izan da. Harrotasunez eta poztasunez jaso zuen saria borrokalariak.Azkenik, hainbertze esperotako saria ere banatu zuen Irungo Udalak. Hain zuzen ere, irundarrek bozka bidez erabakitzen duten Irundarron Saria. 1800 bozka jaso ondotik, Irungo biztanleek sari hori Santiagotarrakeko arraunlarientzat izatea erabaki zuten. Hain zuzen ere, Aitzpea Gonzalez, Amaiur Etxeberria, Ainhoa Zapirain eta Naroa Zubimendirentzat. Sorpresaz hartu zuten arraunlariek saria, baina lortutako emaitzek zalantzarik ez dute uzten aitortza hau merezi zutela, Espainiako txapeldunordeak izan baitira arrauneko 4 scull modalitatean.Sari hauez gain ere, bertze hainbertze omenaldi eskaini zituzten galan zehar. Tartean, 2023an erretiroa hartu zuten Irungo hiru kirolari handiri errekonozimendua egin zitzaien: Ander Elosegi piraguistari eta Julen Aginagalde eta Ander Ugarte eskubaloi jokalariei. Horrez gain, Txokolatezko Baloia ere banatu zen eta hau Alberto “Bixio” Gorriz Realeko jokalari ohiari eman zioten. Bera baita Realean historian partidu gehien jokatuko dituen futbolaria. Azkenik, Real Sociedad Genuine talde inklusiboan aritzen diren jokalari irundarrak ere omendu zituzten, baita 18 urtez Irungo kirolariekin lanean aritu den Virginia Corchon kirol psikologia ere. Sari banaketaren balorazio positiboa egin zuen bukatzerakoan Borja Olazabal Irungo Udaleko kirol zinegotziak. Jendez lepo bete zen Ficobako aretoa eta hiriko kirolaren eta kirolarien osasuna bete-betean dagoela erakutsi zuten.