AITOR ZULAIKA: “EZ DUT MEZU KONFORMISTARIK NAHI, ANBIZIOA IZAN BEHAR DUGU”

2022/05/26
AITOR ZULAIKA: “EZ DUT MEZU KONFORMISTARIK NAHI, ANBIZIOA IZAN BEHAR DUGU”

Real Unionek Ligako azken neurketa jokatuko du Tudelanoren aurka eta ahalik eta puntu gehien irabaztea izango da bere helburua

Real Unionek Ligako azken partidua jokatuko du larunbat honetan, arratsaldeko 18:30ean. Stadium Galen izango da neurketa eta Tudelano taldea jaso beharko dute bertan. Nafarrek dagoeneko badakite mailaz jeitsiko direla, baina horrek ez die borrokarako grina kenduko. Aitor Zulaikaren mutilek ere azken asteetako helburu berari eutsiko diote eta ilusioz eta gogoz ekingo diote azken jardunaldi honi.

Aitor Zulaikak larunbateko neurketaren atarikoan azaldu duenez, “urduritasuna baino, ilusioa” nabaritzen da txuribeltzen aldageletan. Ligako azken jardunaldia jokatuko dute etxean, baina azpeitiarrak denboraldiko azkena ez izatea espero du: “Ez dadila izan denboraldiko azken neurketa, seinale ona izango litzateke”. Izan ere, play-offak jokatzeko aukera oraindik irekia dago taldearentzat eta horren bila joango da. Horretarako, “Tudelano talde on baten aurka, beraiek baino partidu hobea” egin beharko dute Zulaikaren mutilek.

Denboraldi hasieran helburu zehatzik ez edukitzeak, ez du esan nahi orain lasaiago ibiliko direnik txuribeltzak, eta horrela adierazi du prestatzaileak ere: “Hasieran guk ez genuen helburu zehatzik jarri, baina ezin dugu hori baliatu mezu konformista bat emateko. Ez dut mezu konformistarik nahi. Horrelako taldeek ez dute ezer irabazten. Anbizioa izan behar dugu eta egunerokotasunean hobetzen joan. Orain dela zortzi partidu helburu bat jarri genuen eta horri eutsiko diogu orain”.

Helburu hori play-offak jokatzeko postuetan sailkatzea izango da eta horretarako, Ligako azken neurketa honetan ahalik eta puntu gehien batu beharko ditu Real Unionek. Tudelanoren aurka egin beharko du hori eta ez da erraza izango, Zulaikak berak erran duen moduan: “Tudelano maila galduta dator eta arazo larriak dituzte klubean. Hala ere, kirol arloan, momentu oso onean dator. Azken hiru partiduak izugarriak izan dira, Deportivo, Racing eta Sanseren kontra. Lasaitasunarekin datoz eta jokalariak ere datorren urterako ateak irekitzera edo ateak jotzera etorriko dira. Pisua kendu dute bizkarretik eta horrek arriskutsuagoa egiten du taldea”. Edonola ere, “Real Union on bat ikusiko dugula” ziur da entrenatzailea. “Azkeneko jardunaldira 57 punturekin iritsi da taldea eta honek jokalarietaz oso ondo hitz egiten du”, gaineratu du.

Beraz, ilusioarekin eta gogoz egingo dio taldeak aurre larunbateko neurketari eta ahalik eta emaitza onena eskuratzen saiatuko da, zaleek oraindik beraien lanaz gehiago goza dezaten.