AITOR ZULAIKA EZ DA GEHIAGO REAL UNIONGO ENTRENATZAILEA IZANEN

2022/12/02
AITOR ZULAIKA EZ DA GEHIAGO REAL UNIONGO ENTRENATZAILEA IZANEN
Azpeitiarrarekin batera, Joseba Aguirre bigarren entrenatzailea ere talde irundarretik kanpo gelditu da Aitor Zulaika eta Joseba Aguirre ez dira gehiago Real Uniongo lehen taldeko entrenatzaileak izanen. Atzo arratsaldean hartu zen azken orduko erabaki baten ondorioz, lehen eta bigarren entrenatzaileek talde txuribeltza utziko dute.Gaur goizean eman du Aitor Zulaikak bere azken prentsaurrekoa Stadium Galen. Oraingo honetan ez da izan asteburuko partiduaren atarikoa egiteko, bere kargugabetzearen berri emateko baizik. Azken orduko erabaki baten ondorioz, azpeitiarrak Real Uniongo lehen taldeko entrenatzaile izateari utziko dio, baita Joseba Aguirre bigarren entrenatzaileak ere, eta gaurko prentsaurrekoa beraz, agur errateko baliatu dute.Zulaikak bi etapa izan ditu Real Unionen, baina batez ere azken bi urteetako ibilbidea izan du gogoan: “Orain dela 30 hilabete hasi nintzen buru-belarri Real Unionen lanean. Erabakia ez zen erraza izan, asko pentsatutako erabakia izan zen. Oso gustura nengoen leku batetik, Zubietatik, atera nintzen Real Unionera etortzeko. Taldea egoera zail batean zegoen orduan, zentzu guztietan, eta hala eta guztiz ere hona etortzeko erabakia hartu nuen”.Bere familiarekin batera hartutako erabaki horren atzean “lau helburu” nagusi zeudela jakinarazi du azpeitiarrak. Lehena, “jokoa, emaitzak eta jokalariak ziren. Real Unionen inguruan zegoen oro, baina batez ere jokalariak, joku estilo batekin identifikatzea nahi nuen, uste bainuen 38 jardunaldietan puntu gehien ateratzeko bidea zela”. Honekin guztiarekin, “jokalariak hobetzea” nahi zuen entrenatzaileak, “talde bat hobetzeko modua delako”. Zentzu horretan, Aitor Zulaika pozik geratu da, uste baitu, “neurri handi batean” hori lortu dutela eta horren adibide argiena taldea Lehen RFEF mailan egotea da.Bigarren helburua berriz, klubari laguntzea zen “sozialki eta ekonomikoki”. Horretarako, Zulaikak jarraitzaile eta bazkide gehiago nahi zituen. Berak adierazi duen moduan, Twitterren 8.500 jarraitzaile izatera iritsi da kluba eta bazkide kopurua ere handitu dute azken bi urte hauetan. Azpeitiarraren hitzetan, klubaren lema “egun bat gehiago, bazkide bat gehiago” izatea nahi zuen eta ez badute 1.500 bazkideen muga gainditu, “gertu” gelditu direla azpimarratu du.Bertze helburu bat Galen “etxe bat eraikitzea” zen. Aitor Zulaikarentzat garrantzitsua zen Real Unionen etxea txiki baina hobe bat sortzea denontzat, “logela gehiagorekin eta hobeekin, jende gehiago har zezan”. Helburu hori ere lortu dutela ziurtatu du prestatzaileak. Azkenik, “Real Union ahalik eta edukazio handienarekin eta ahalik eta dotoreen ordezkatzea” zen bertze erronketako bat eta hori ere lortuta bukatu du azpeitiarrak bere etapa klub txuribeltzean.Helburu guzti horiekin batera, bidean, bertze erronka batzuk ere sortu zaizkio taldeari, eta Zulaikak adierazi duen moduan “jokalarien lanari esker” lortu dituzte horiek ere. Entrenatzailearen ustez, “aurreko urteko denboraldia balentria bat izan zen. Lehen RFEF mailan 60 puntu lortzea ekintza handia da, baita Errege Kopan egotea ere”. Azken bi lorpen hauek jokalarien lanarekin eta jarraitzaileen bultzadarekin lortutakoak direla ere jakinarazi du Zulaikak.Azkenik, hunkituta, bi esaldirekin bukatu nahi izan du bere agurra. Alde batetik, denboraldi honen hasieran erran zuena ekarri nahi izan du gogora. Orduan “poliki-poliki” joateko erran omen zuen eta hori azpimarratu nahi izan du bertze behin. Gainera, “Aupa Union!” aldarrikatu du eta Xalbadorrek 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak kantatu zuen bezala, “maite zaituztet, oraindik” erraten bukatu du bere agerraldia Aitor Zulaikak.