AITOR ZULAIKA: “EGUNETIK EGUNERA GERO ETA LEHIAKORRAGOAK IZATEA DA GURE HELBURUA”

2022/09/30
AITOR ZULAIKA: “EGUNETIK EGUNERA GERO ETA LEHIAKORRAGOAK IZATEA DA GURE HELBURUA”

Real Unionek igandean bisitatuko du La Nucia taldea, arratsaldeko 16:00etan

Real Unionek igande honetan jokatuko du denboraldiko seigarren jardunaldia. Oraingoan, La Nucia taldeari bisita egin beharko dio bere zelaian, urriaren 2an, arratsaldeko 16:00etan. Asteazkenean Federazio Kopako neurketa jokatu ondotik eta atzo atseden hartuta, gaur itzuli da talde txuribeltza entrenamenduetara, Alikanten jokatuko duten neurketa prestatzeko.

Aitor Zulaikaren hitzetan, La Nucia “eskarmentua duen eta lehiakorra den taldea da. Emaitzak ikusi besterik ez dago”. Azpeitiarrak Buenacasa eta Calvo jokalariak goraipatu ditu, baita hauen entrenatzailea ere: “Aurrean oso jokalari interesgarriak ditu La Nuciak, Buenacasa, Calvo, Martin, etab. Batez ere ardatzean jokatzen duten jokalariek esperientzia handia dute, baita entrenatzaileak ere”. Hala ere, etxetik kanpo “gehiago proposatzen” duen taldea dela ere azpimarratu du Zulaikak eta horren arrazoia “etxeko zelaiaren neurriak” direla ere adierazi du.

Talde irundarrari begira, “atzo atseden eguna eduki” zutela jakinarazi du prestatzaileak eta gaur berriz ere entrenamenduetara bueltatu direla. Egunotako lana, gainera, helburu bati begira gauzatuko dutela aipatu du Zulaikak: “Astelehenean gure artean hitz egin genuen eta lehiakorragoak izan behar genuela adostu genuen. Taldeak helburu hori du: egunetik egunera gero eta lehiakorragoa izatea. Horretarako, egunero zerbait hobetu behar dugu”. Lan guzti hau eta zelaian proposatzen duten jokoa igandean ikusiko da Olimpico Camilo Cano zelaian.