AITOR ZULAIKA: “ALCOYANO OSO TALDE SENDOA DA”

2022/09/23
AITOR ZULAIKA: “ALCOYANO OSO TALDE SENDOA DA”

Real Unionek CD Alcoyano jasoko du Stadium Galen igandean, eguerdiko 12:00etan

Real Unionek etxean ekingo dio denboraldiko bostgarren jardunaldiari. Oraingo honetan, igandearekin arituko da, eguerdiko 12etan, eta orduan jaso beharko du CD Alcoyano Staidum Galen. Valentziako taldea sailkapeneko liderra da momentu honetan eta lau partiduetatik hiru irabazi ditu eta beste bat berdindu.

Aitor Zulaikak gaur goizeko prentsaurrekoan aipatu duenez, Alcoyano “oso talde sendoa da, bai egitura aldetik eta baita egiten duten lanarengatik eta atzeko lerroan jende segurua dutelako ere”. Sailkapeneko lehen postuan kokatuta dago momentu honetan, hiru partidu irabazi eta bakar bat berdindu ondotik. Emaitza guzti hauek valentziarrek egindako lanaren fruituak dira eta Zulaikak azpimarratu duenez, “txinpartak ateratzen ari dira zelaitik gora”.

Etxeko taldeari dagokionez, oraindik ere taldea murriztua dago eta igande honetarako ere baja dezente izanen dituzte zelaian. Hala ere, entrenamenduak ongi joan direla adierazi du entrenatzaileak eta hamaikakoan egonen diren jokalariak prest daudela: “Gaudenak ongi gaude. Nahi baino zenbaki txikiagoa dugu, baina gaudenak ondo gaude eta ondo entrenatzen ari gara”.

Igandekoa Stadium Galen jokatuko duten hirugarren jardunaldia izango da eta, zaleen aurrean, erakustaldia ematen saiatuko da etxeko taldea eguerdiko 12:00etatik aitzinera.