AITOR GORROTXATEGI ZORTZIGARREN MUNDUKO KOPAN
Piraguista irundarrak 500 metroko K4 kategoriako finala jokatu zuen eta merituzko zortzigarren postua eskuratu zuen
Aitor Gorrotxategi piraguista irundarrak zortzigarren postua eskuratu zuen pasa den maiatzaren 12an Hungarian jokatu zen Munduko Kopan. Gorrotxategi 500 metroko K4 kategorian lehiatu zen, Pelayo Roza eta Carlos Perez asturiarrekin eta Adrian del Rio madrildarrarekin batera.
Maiatzaren 11tik 14ra ospatu zen Szeged-en (Hungaria) Munduko Kopa. Bertan izan zen Aitor Gorrotxategi, Santiagotarrak taldeko piraguista irundarra, 500 metroko K4-a lehiatzen. Ortzegunean izan zuten lehen kanporaketa eta hau gainditu ondotik, finalerdiak jokatu zituzten ortziralean. Laukoteak finalerdia maila onarekin bukatu eta finala jokatzeko txartela eskuratu zuen. Horrela, ortziralean bertan, finala ospatu zen eta Roza, Perez, del Rio eta Gorrotxategi zortzigarren postuan sailkatu ziren.
Ur biziak, ur lasaiak eta aulki mugikorra sailetako hitzorduak
Santiagotarrak-ek asteburu honetan hiru hitzordu izanen ditu. Hasteko, ur biziak sailak Euskadiko Txapelketa ospatuko du bihar, maiatzaren 20an, Pauen. Bertan, Irungo klubeko 35 kirolarik hartuko dute parte.
Bertzalde, ur lasaietako taldeak Espainiako Bigarren Kopa jokatuko du asteburu honetan Pontevedran. Azkenik, aulki mugikorreko saila Bordelen izanen da, igande honetan, Nazioarteko Estropada jokatzen.