AITOR GORROTXATEGI ZAZPIGARREN MUNDUKO TXAPELKETAN

2022/08/10
AITOR GORROTXATEGI ZAZPIGARREN MUNDUKO TXAPELKETAN

Irundarrak K-2 kategoriako 1000 metroko proban parte hartu zuen Pedro Vazquezekin bikote eginez

Pasa den astean, abuztuaren 3tik 7ra, Sprint Olinpikoko Munduko Txapelketa ospatu zen Kanadako Halifax hirian. Bertan, Santiagotarrak Klubeko Aitor Gorrotxategi irundarrak hartu zuen parte K-2 kategoriako 1000 metroko proban Pedro Vazquezekin batera, eta zazpigarren amaitu zuten txapelketa.

Gorrotxategik eta Vazquezek ez zuten ongi hasi txapelketa, izan ere, aurreko ostegunean lehiatutako heats-etan ez zuten finalerako txartelik irabazi. Hala ere, ostiraleko finalerdietan estropada ona egitea lortu zuen bikoteak eta proba irabazita, finalerako sailkatu ziren. Finala igande arratsaldean ospatu zen eta Gorrotxategik eta Vazquezek, urte guztian zehar egindako lana erakutsiz, merituzko zazpigarren postua lortu zuten bertan.

Irundarrak datorren astean izanen du hurrengo erronka, izan ere, Europako Txapelketa Absolutua jokatuko du Munichen (Alemania). Bertan, K-1 kategoriako 1000 metroko proban arituko da lehian.