AIMAR OLAIZOLARI OMENALDIA KURPILEN

2021/11/04
AIMAR OLAIZOLARI OMENALDIA KURPILEN

Larunbatean, azaroaren 6an, Kurpil elkarteak omenaldia egingo dio Aimar Olaizolari profesionaletan izan duen ibilbidea goraipatzeko asmoz

Azaroaren 13an Aimar Olaizolak profesionaletako azken pilota partida jokatuko du Goizuetako frontoian. Bere jaioterria aukeratu du, hain zuzen ere, pilotari agur esateko. Erretiroa hartu behar zuela esan zuenetik, hainbat frontoietan omenaldia egin diote eta Kurpileko kideek ere hori egin nahi izan dute. Horretarako, hurrengo larunbatean, azaroaren 6an, elkartearen urteurrenarekin bat eginda, ekitaldia prestatu dute bere ibilbidea goraipatzeko.

Eguerdiko ordu batetan hasiko dute omenaldia, Juanjo Aldakok, Kurpilgo buruak, aipatu duen moduan. Handik Uranzu frontoira abiatuko dira, gero dantzari eta txistulariekin batera elkartera bueltatzeko. Jarraian, Kurpilgo atean aurresku bat dantzatuko diote Aimarri eta egunari bukaera emateko, bazkaria egingo dute elkartean bazkideekin batera.

Aldakok aitortu duen moduan, ospakizuna “frontoian egitea gustatuko litzaidake, baino ezin izan da”. Hala ere, Olaizolarekin hitz egin eta gero, Kurpilen bertan egitea erabaki dute, han egin baitizkiote orain arte beste omenaldi guztiak. Izan ere, pilotariarekin duten harremana oso aintzinetik heldu da. “Aimar profesionaletan sartu zenetik hainbeste txapel izan ditu, hemen egiten zitzaiola omenaldia urtero eta harreman handia egin genuen”, esan du Aldakok. Gainera, Kurpilek San Martzialetan antolatzen zuen jaialdian ere parte hartzen zuen urtero eta “horregatik egin genuen elkartasuna berarekin, pilotari bezala baina baita pertsona bezala ere”.

Kurpilgo pilota eskola berreskuratu ezinik

Kurpil Kirolak elkarteak hurrengo hilabetean izango du urteroko bilera eta bertan erabakiko dute pilota eskola berreskuratu ala ez. Juanjo Aldakok onartu duen moduan, “zaila ikusten dut jarraitzea. Urteak esaten dute noiz bukatu behar den. Nik nahiko lan egin dut, hemen egon naiz txapelketa antolatzen 60 urtez eta uzteko ordua da”.