Aiako Harrian hirugarrenez irabazi du Egeak

2017/05/15
Aiako Harrian hirugarrenez irabazi du Egeak

Aritz Egea urretxuarra izan da azkarrena, gizonezkoetan, Erlaitz-Aiako Harria mendi maratoi erdian. Hirugarren aldiz jantzi du txapela, Erlaitz mendi elkarteak antolatzen duen 22km-ko mendi lasterketan. 1:44ko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko, eta hamar minutuko aldea atera dio Jon Ugalde andoaindarrari. Hassan Ait Chaouk osatu du podiuma.

Emakumeetan, Maite Maiora mendaroarra izan da azkarrena, 2:04ko denborarekin. Abadiñoko Oihana Azkorbebeitia gelditu da bigarren, eta Alizia Olazabal irundarra igo da podiumeko hirugarren postura. Lehenengoak baino hamabi minutu gehiago behar izan ditu Olazabalek, ibilbidea osatzeko. Maiatzaren 14an izan da Erlaitz-Aiako Harria mendi maratoi erdiaren zazpigarren edizioa.