AHAZTEKO ASTEBURUA

2019/04/16
AHAZTEKO ASTEBURUA

Lekaeneako superdibisioetako bi taldeek asteburu honetan txapelketako jardunaldi berri bat lehiatzera bueltatu ziren Sonia Etxazarreta Kirol Gunean eta biek 1-4 galdu zuten

Ez gaude ohituta asteburu berdinean Lekaenea klubeko bi talde gorenek euren norgehiagokak galtzea. Emakumezkoen taldeak arerio zaila zuen, Tecnigen Linares txapelketako liderra. Gizonezkoen taldeak ordea, sailkapeneko azkenaurrekoa Cambados talde galiziarra izan zuen aurrean, norgehiagoka aise irabaziko zutel aurreikusten bazen ere, porrot mingarria jasan zuten. Horrela, biek ala biek 1-4ko galdu zuten.

Aipatu bezala, gizonezkoen taldeak Cambados talde galiziarra jeitsiera postuak ekiditeko puntuen beharrarekin jaso zuen Sonia Etxazarreta Kirol Gunean eta neurketa lehiatzeko gogo askorekin iritsi ziren Irunera. Etxekoek aldaketa batzuk egin zituzten euren ohiko hirukotean, Daniel Palacios, Jaime Vidal eta Daniel Kosiba aritu ziren. Galiziarren aldetik, Qiu Liang, Javier Soria eta Jose Manuel Ruiz izan ziren neurketa garrantzitsu hau jokatzeko hautatuak.

Kosiba izan zen lehena mahaira irtetzen Qiu Liangen aurka lehiatzeko eta bost set gogorren ondoren, galiziarrek lehen puntua eskuratu zuten. Bigarren jokoa ere bost setekoa izan zen, oraingoan Daniel Palacios eta Javier Soria izan ziren bata bestearen aurka ibili zirenak eta berriro ere, galiziarrak nagusitu ziren (0-2). Jaime Vidalen txanda iritsi zen 3-0 azkar baten bidez neurketako puntu bakarra lortu zuen Lekaenearentzat. Neurketa 1-2 jarri zen, baina hirugarrenez bost seteko joko batean, Soria Kosibari gailendu zen eta 1-3koa ezarri zuen Cambadosen alde. Etxeko taldeak berdinketa lortzeko aukera zuen soilik, baina Jaime Vidalek ezin izan zuen Qiu Ling mendean hartu eta talde galiziarrak 1-4ko emaitzarekin puntu guztiak batu eta etxera buelta zoriontsua izan zuten.

Galdu arren, Lekaenea klubeko gizonezkoen taldeak sailkapeneko laugarren postuan mantentzen da liga bukatzeko bi partiduren faltan. Universidad de Burgos taldearekiko bi puntuko errenta dute, beraz, geratzen zaizkien norgehiagokak benetan garrantzitsuak izango dira.

Tecnigen Linares indartsu

Sonia Etxazarreta Kirol Gunean Lekaeneako emakumezko taldeak ezaguna duen talde batek bisitatzen zuen. Partidu hau jokatu aurretik, hiru aldiz aritu izan dira nor baino nor, izan ere, ETTU Cupeko kanporaketan batetan elkarren aurka aritu ziren eta Iberdrola Ligako joanekoan ere lehiatu ziren. Sailkapeneko lehena da Tecnigen Linares, eta larunbatean bere maisutasuna erakutsi zuen.

Etxekoak betiko hirukotearekin aurre egin zion neurketari, hau da, Ioana Tecla, Jin Zhang eta Belen Calvo, Orawan Paranangen, Paula Buenoren eta Roxana Istraren aurka lehiatu ziren. Calvo eta Paranang aritu ziren arratsaldeko lehen jokoan eta etxekoari aukerarik eman gabe, Paranangek 0-3 irabazita Linarestarrek lehen puntua batu zuten. Ioana Teclak ordea ondo erreakzionatu zuen eta 3-0 baten bitartez Paula Bueno irabazi eta Lekaenea taldearen puntu bakarra eskuratu zuen. Ordutik aurrera, andaluziarrek martxa berri bat sartu zuten eta joko guztiak garaitu zituzten, Jin Zhangek ezin izan zuen Istraterekin, bikotekakoan 3-1 garaitu zuten eta Paranangek Teclaren aurka 1-4koa ezarri zuen.

Denboraldi gogorra izan da aurtengoa Lekenea emakumezkoen taldearena, ETTU Cuparen ondorioz norgehiagoka asko jokatu behar izan dituzte eta denboraldi amaieran karga sumatu da. Hala ere, irundarrak sailkapeneko bostgarren postuan jarraitzen dute eta liga bukatzeko bi partidu geratzen direlarik europan lehiatzeko aukera ematen duen laugarren postuan eskura dute oraindik.