ADOREA SOBERAN
Zentzu guztietan, garaipen handia Bidasoak Ciudad Logroño La Riojaren aurka erdietsitakoa. Zailtasun guztiei aurre egin eta bigarren zatian 22-21 mendean hartu dituzte sailkapeneko laugarrenak.
Gurutzatuta hasi du neurketa Bidasoak, guztiz. Erasoko lanean, defentsan eta epaileekin ere bai. Rangel Artalekura bueltatu da, bi denboralditan etxea izan zuen kiroldegira. Eta nola bueltatu da; lehen zatian, bederatzi geldiketa egin ditu atezain brasildarrak. Horri hastapeneko minutuetan Kauldik jasandako lesioa gehitzen badiogu, Bidasoaren neurketa hasiera benetan gogorra izan dela baieztatu dezakegu. Lehen hamar minutuetan, 3-6ko abantaila hartu du Ciudad Logroño La Riojak eta Bidasoak ate aurrean 7 minutu golik egin gabe baliatuta, 3-8ra handitu du aldea. 0-4ko partziala kontraerasoan Tom Tesorierrek hautsi du, Iker Serrano 7 metroko jaurtiketan saiatu da Rangel gainditzen, horrela ere ezinean jarraitzen zuen talde irundarrak.
15.minututik aurrera, egoera zaildu da. Jokaldi berean, Salinas egotzi eta Jacobo Cuetarak epaileen zigorra jaso eta gero, Bidasoa bi jokalari gutxiagorekin geratu da. Amorruaren lagun, Bidasoaren defentsa esnatu da, baina ordurako markagailuak kanpoko taldearen alde 4-10 adierazten zuen. Bost minuturen buruan, defentsa eta atezainen lan onaren ondorioz neurketa berdindu da, bi taldeek gol bana erdietsi dituzte. Bidasoa neurketan sartzeko imintzioa egin du, 7-11ra hurbildu da Salinas eta Caveroren golen bidez, baina Miguel Angel Velasco entrenatzaileak prestatutako jokaldi batean, Logroñok atsedenaldira iristeko 7-12koa egin du.
Bigarren zatiak oso bestelako hasiera izan du. Nahiz eta epaileek Dan Racotea bi minutu egotzi duten, Bidasoak erraztasun gehiago izan du Logroñoko taldearen defentsa erasotu eta aldeak murrizteko. Horrela, 41.minutuan Bidasoa bi goletara hurbildu (14-16) eta norgehiagokan bete-betan sartu da. Hamar minutu geroago, Dan Racoteak bi gol erreskan erdietsi eta beste bat Zabalari oparitu dio 17-18koa egiteko. Errumaniarrak, bi minutuko zigorra jaso ondoren denboraldiko minutu onenak bete ditu. Tom Tesoriererren gidaritzapean, Bidasoaren defentsa horma batean bilakatu da, Xoan Ledok Logroñokoen saiakerak gelditu ditu eta neurketa bukatzeko hamar minuturen faltan, Bidasoak neurketa 18-18 berdindu du.
Neurketa berria hasi da. Golek eta defentsa on bakoitzak urrezko balioa zuten eta neurketa bukatzeko bost minutu geratzen zirenean, 1-0ekotik, Jon Azkueren golaren bitartez lehen aldiz Bidasoa markagailuan aurretik jarri da (20-19). Unerik garrantzitsuenean Logroñoko taldeak ez du Ledoren ate aurrean asmatzen jakin; Bidasoak, ostera, inoiz baino argiago izan du nola erasotu. Julen Aginagaldek 21-19koa egin du, Moreirak erantzuna eman dio (21-20) eta Sergio de la Saludek 22-20koa ezarri du markagailuan. Logroñok azken minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, Moreirak 22-21eko gola egin du. Azken minutuan sarturik, Logroñok fly saiakera egin du, baina Xoan Ledok sekulako erantzuna eman dio. Baina hor ez da bukatu. Bidasoak azken segunduetan baloia galdu du, Casadok baloia jaso eta gola egin du, denboraz kanpo. Bi puntuak Irunen, suspentsearekin, geratu dira.
Fitxa teknikoa
22 - Bidasoa Irun (7+15). Sierra, Crowley (1), Odriozola, Aginagalde (2), Salinas (8, 1 p.), De la Salud (1), Azkue (3); Ledo, Cavero (2), Racotea (3), Zabala, Serrano, Tesoriere (1), Da Silva, Nieto, Bonanno.
21 – Logroño (12+9). Rangel, Sánchez-Migallón (1), Dorado (3), Casado (2), Serradilla (1), Eduardo Cadarso (4, 1 p.) David Cadarso (1); Pérez, Pina, Balenciaga (2), Goñi, Moreira (7), Ortiz, Hackbarth.