ADEMARREK ERAMAN ZUEN GARAIPENA ARTALEKUN

2022/03/14
ADEMARREK ERAMAN ZUEN GARAIPENA ARTALEKUN
Bidasoa Irun 26
27 Abanca Ademar Leon

Bidasoak Leongo Ademarren aurka 26-27ko markagailuarekin galdu zuen atzo etxean jokatutako neurketan

Bidasoak, orain izango duen atsedenaldi txikiaren aurretik, atzo eguerdian jokatu zuen denboraldiko 21. jardunaldia Artalekun. Oraingo honetan, Abanca Ademar Leon taldea jasotzea egokitzen zitzaion, eta aurreikusten zen moduan, partida zaila izan zen. Azkenean, garaipena eskuratzeko puntuan egon baziren ere, irundarrek gol bakar batengatik galdu zuten neurketa, 26-27ko markagailuarekin.

Lehendabiziko zatian, talde bisitaria izan zen nagusi eta, 15. minuturako, lau goleko errenta eskuratu zuen (5-9). Izan ere, aurreko hamar minutuetan gogor aritu ziren aurkariak eta 0-5eko partziala lortu zuten. Hala ere, etxekoek ez zituzten besoak jaso eta Xoan Ledok atean egin zuen lana baliatuta, bi taldeen arteko aldea gol bakarrera murriztea lortu zuen Bidasoak, atsedenaldira 13-14koarekin iritsiz.

Bigarren zatiaren hasieran berriz, irundarrak indarberrituta atera ziren kantxara eta markagailua irauli zuten aurretik jarriz. Ademarrek honi erantzuna eman zion eta 17na berdintzea lortu zuen, baina Bidasoak berriz ere tartea ireki zuen bi taldeen artean (40. minutuan, 21-18). Hortik aurrera, aldiz, neurketa inoiz baino parekatuagoa egon zen. Hurrengo hiru partzialak berdinketak izan ziren (45. minutuan, 21-21; 50. minutuan, 23-23; 55. minutuan, 25-25), eta horrela azkeneko bost minutuetako jokaldiak erabakigarriak izan ziren. Hain zuzen ere, azkeneko jokaldietako batean Iñaki Cavero Ademarreko atezainarekin topatu zen eta aurkariak, hau aprobetxatuta, eta arrakasta izanda beraien jaurtiketan, gola sartu eta garaipena eskuratu zuten, 26-27koarekin.

Omenaldiak Cavero eta harrobiko jokalariei

Atzoko egunean, gainera, Bidasoak omenaldiak egiteko aprobetxatu zuen. Alde batetik, neurketa hasi aurretik, Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak otsaileko Ligako MVP saria eman zion Iñaki Caverori. Beste aldetik, partiduaren atsedenaldian, harrobiko hiru taldeen lorpenak goraipatu nahi izan zituzten: emakumezkoen eta gizonezkoen kadete eta jubenilak Euskadiko Kopako txapeldunak izateagatik eta gizonezkoen kadeteen paper handia 2020/2021 denboraldiko Espainiako Txapelketan.

Hurrengo erronka

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, Bidasoa Irunen hurrengo neurketa Errege Kopako final laurdena izango da Antequeran, Fraikin BM. Granollersen aurka. Partidu hau martxoaren 25ean ospatuko da, eguerdiko 12:30ean. Finalerdietako txartela lortuz gero, martxoaren 26an, larunbatean, izango dute neurketa arratsaldeko 19etan edo gaueko 21etan. Azkenik, igande horretan izango da Errege Kopako final handia, arratsaldeko 19etan.

Artalekun jokatuko den hurrengo partida, martxoaren 29 edo 30ean izango da. Hain zuzen ere, EHF European Leagueko Last 16ko kanporaketako joaneko neurketa izango da hau GOG talde danimarkaren aurka.

(Argazkia: Arrate Morales)