ABUZTUAK 2an HASIKO DU DENBORALDI-AURREA BIDASOAK

2021/07/02
ABUZTUAK 2an HASIKO DU DENBORALDI-AURREA BIDASOAK

Momentuz, hiru dira konfirma ditzakegun lagunartekoak: Fenix Toulouse, Billere Handball Pau eta Ereintza Aguaplast.

Bidasoak badu denboraldi-aurrerari ekiteko data. Abuztuaren 2an jokalariek euren oporrak amaitutzat emango dituzte eta Jacobo Cuetararen aginduetara lanean hasiko dira Artalekun. 2021-2022 denboraldia irailaren 11-12 asteburuan hasiko delarik, sei lan-aste antolatu ditu talde teknikoak, zortzi laguntarteko izango dituena.

Abuztuaren 13tik aurrera jokatuko ditu Bidasoak lagunartekoak. Lehen hitzordua, ohikoa, Hondarribian izango da, LIDL Starligueko-Frantziako Ligako- seigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak, Fenix Toulousen aurka. Hurrengo egunean, arerio beraren aurka, Orion jokatuko dute prestaketako bigarren norgehiagoka. Fenix Toulouse EHF European Leaguen jokatuko duen taldea da eta aurten Sacyr Asobal Ligan jarri ditu begiak taldea indartzeko unean. Erik Balenciaga zarauztarra eta Erwin Feuchtmann txiletarra sinatu ditu, Balonmano Logroño La Rioja eta Leongo Ademarretik.

Bidasoaren hurrengo hitzordua abuztuaren 20 eta 21ean izango da, Egiako XXVI. Nazioarteko Txapelketan. Bidasoak oraindik iragarri ez duen arren, Balonmano Logroño La Rioja, Bada Huesca eta aurten EHF Champions Leagueko final fourra jokatu duen HBC Nantes bertaratzekoak dira.

Azkenik, abuztuaren 27an, 2020-2021 denboraldiko Euskal Kopako finala Ereintza Aguaplasten eta, irailaren 3an, Billere Handball Pau Pyrenees taldearen aurkako partiduekin (Oreretan eta Artalekun), Bidasoak denboraldi-aurreari amaiera emango dio. Azken neurketa honetan, Sergio de la Saludek azken hiru urteetan bere etxea izan den Irunen zalegoaren aurrean jokatzeko aukera izango du.