ABEL BALDERSTONE (CAJA RURAL) GARAILE DONE PEDRO SARI NAGUSIAN

2022/06/30
ABEL BALDERSTONE (CAJA RURAL) GARAILE DONE PEDRO SARI NAGUSIAN

Haritz Sein (Eibar Txirrindularitza Taldea) hamabigarren postuan helmugaratu zen, irundar onenaren saria irabaziz

Atzo goizean, San Pedro egunarekin batera, Done Pedro Sari Nagusia ospatu zen Irunen. Egun bakarreko lasterketa historiko honen 101. edizioa korritu zuten ehun bat txirrindulariz osatutako pelotoiak. San Martzial igoeran jarrita zegoen helmugara Abel Balderstone (Caja Rural) iritsi zen lehen postuan, bere taldekide Mulu Kinfe Hailemichael eta Ander Ganzabalen (Eiser-Hirumet) aurretik.

Bi urteren ondoren, estatuko egun bakarreko lasterketarik zaharrena bueltan izan zen Irungo kaleetan. Goizeko 9:00etan eman zioten hasiera probari eta eguerdi aldean amaitu zen aurten San Martzialen kokatutako helmugan. Txirrindulariek Gurutzerako bidean hainbat ihesaldi saiakera egin bazituzten ere, ez zen bukaera arte mugimendu erabakigarririk izan.

Ingeleseko Gaztelurako bidean aldiz, Abel Balderstonek egin zuen saiakera eta tartea zabaltzea ere lortu zuen. Atzean, pelotoian, taldekideek lanean jardun zuten tarte hori mantentzeko asmoz. Horrela, kataluniarrak San Martzial igoera helmugara bakarrik iristea eta lasterketa irabaztea lortu zuen. Bigarren postuan Caja Ruraleko Mulu Kinfe Hailemichael txirrindularia helmugaratu zen eta hirugarren berriz, Eiser-Hirumet taldeko Ander Ganzabal izan zen. Garaipen honekin gainera, Balderstone Lehendakari Txapelketako lehen liderra bilakatu da.

Etxeko txirrindulariei dagokionez, postu onena lortu zuena Eibar Txirrindularitza Taldeko Haritz Sein izan zen. Sein hamabigarren postuan iritsi zen, irabazletik 2:34 minutura. Gainera, lehen irundarra izan zen helmuga zeharkatzen eta horregatik, irundar onenaren saria irabazi zuen txirrindulariak.

(Argazkia: Caja Rural-Alea)