Abantaila txikia hartu du Hondarribiak

2015/09/06
Abantaila txikia hartu du Hondarribiak

Ama Guadalupekoak eman du lehen kolpea Kontxan. Ez da erabakigarria izan, baina balio handia du. Denborarik onena egin du lehen jardunaldian, 19:12ko markarekin. Urdaibairen erreferentziaren aurka aritu behar izan dute berdeek, denbora ona egin baitute bizkaitarrek lehen txandan. Urrun utzi dituzte aurkariak, baita Orioko ontzia ere. Hondarribiak estutu behar izan du, baina saria izan du ahaleginak. Urdaibaik baino ia bi segundo gutxiago behar izan ditu bi luzeak egiteko. Errenta txikia den arren, abantaila edukitzeak konfiantza emango dio Mikel Orbañanosen taldeari. Bigarren jardunaldian, Hondarribia, Urdaibai, Orio eta Kaiku ariko dira Ohorezko Txandan. Bandera eskuratzeko lehia, baina, urdinen eta berdeen artekoa izango da.