3 EHUNEKOREN FALTAN LIDERRA GARAITU ZUEN ERROIBIDEK

2019/02/25
3 EHUNEKOREN FALTAN LIDERRA GARAITU ZUEN ERROIBIDEK
C. B. Erroibide 55
54 Alkideba-Ointxe Mondragon

Garaipen sendoa eskuratu zuen atzo Erroibidek txapelketako liderra zen Alkideba-Ointxe Mondragonen aurka. Neurketa bukatzeko hiru ehuneko gelditzen zirenean, Josu Torresen hiruko batek azkeneko 55-54a ezarri zuen markagailuan

Erroibidek garaipen sendo bat behar zuen. Denboraldia oso gora-beheratsua izaten ari zen, neurketa asko puntu gutxirengatik eskapu egiten ari zitzaien, baina atzoko garaipenak iraganako porrotak ahaztuarazi ditu. Izan ere, oso norgehiagoka zaila aurreikusten zuten, txapelketako liderra zen arerioa eta baja asko zituen talde irundarrak. Baina beti ez da aurreikustakoa betetzen.

40 minutuetan zehar oso serio mantendu ziren Sergio Martinen mutilak eta Alkideba-Ointxe Mondragonen erasoak zailtasun handiak zituen neurketaren hasieratik puntuak sartzeko. Hala ere, maila handiko jokalariak dituztenez, lehen laurdena 13-16 irabazi zuten. Hori bai, hiru puntuko desabantailarekin bazeuden ere, neurketa oso berdinduta zegoen.

Bigarren laurdenean ere kanpoko taldea garaile atera zen 13-14ko partzialaren bitartez, baina dena oso berdinduta jarraitzen zuen. Errebote bakoitza azkena izango balitz bezala borrokatzen zen eta puntuak eskuratzea oso garestia zen bi saskietan. Erroibidek Amaury Martinezen taula azpiko nagusitasuna bilatzen zuen, baina Alkideba-Ointxe Mondragonen hiruko marrako jaurtiketen bidez, markagailuan agintzen jarraitzen zuten. Horrela, atsedenaldira 26-30ko markagailuarekin iritsi zen.

Baina saskibaloian hirugarren laurdenak oso garrantzitsuak dira, eta Erroibide aldageletatik bueltan hobeto kokatu zen kantxan. Lehen zatian sartzen ez ziren hirukoak asmatzen hasi ziren eta kanpoko taldearen defentsa aise gainditu zuten. 19-12ko partzialaren bitartez 45-42 markagailuan agintzen jarri ziren. Mahaian kolpe indartsu bat eman zuten irundarrek eta norgehiagoka oso irikita aurkitzen zen bukatzeko hamar minutu faltan, eta edonork lor zezakeen garaipena.

Alkideba-Ointxe Mondragonek hortzak estutu zituen defentsan eta hirugarren laurdenean lortutako saskiratze errazak desagertu ziren. Honi lotuz, erasoan hobeto aritu ziren eta azkar batean markagailuan aurretik jarri ziren berriro ere. Baina Erroibidek ez zuen azken hitza esan, eta bizirik iritsi zen azken minutura. Eta azken minutua neurketa osoa bezain ikusgarria izan zen. 24 segunduren faltan, markagailuak 52-54 adierazten zuen eta bi saiakera ostean, Erroibidek ez zuen saskiratzerik lortu neurketa berdindu edo irabazteko. Hiru ehunen faltan ordea Erroibideren menpean jarraitzen zuen baloia eta jaurtiketa batentzako astia soilik geratzen zen. Hirukoa bilatu zuten, Josu Torres izan zen jaurtiketaren arduraduna eta ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtu zen, asmatu zuen jaurtiketan eta garaipena eman zion etxeko taldeari. Saskibaloiaren magia.

Sekula ez bezala ospatu zuten Erroibideko mutilek Torresen saskiratzea, izan ere, liderra garaitzea beti da zaila eta esan bezala, garaipen sendo baten beharra zuten. Horrela, jeitsierako postuak ekiditen jarraitzen dute eta goiko postuetara hurbiltzen dira. Datorren astean atsedeneko jardunaldia dute, baina martxoaren 9an berriro ere Artalekun jokatuko dute Tabirakoren aurka. Irabaztekotan salto handia egingo lukete sailkapenean.