29 PUNTUKO ALDEAZ IRABAZI DU HENDAIA BASKET BALLEK

2020/09/05
29 PUNTUKO ALDEAZ IRABAZI DU HENDAIA BASKET BALLEK
Hendaia Basket Ball 84
55 Sames

Denboraldi-aurreko neurketa bazen ere, Hendaia Basket Ball gizonezkoen taldea aise gailendu zen Sames taldeari, 84-55. Taldeak aldaketak izan ditu udaran eta Frantziako Regional 3.mailako denboraldi berriari aurre egiteko prestaketan murgilduta daude.

Ostiralean Hendaiako Irandatz eskolako kantxan Hendaia Basket Ballek Samesen aurka jokatu zuen, denboraldi-aurreko bigarren neurketa. Taldeak udaran zehar aldaketak izan ditu, aurpegi berriak dituzte eta denboraldiaren hasierara ahalik eta prestatuen iristeko helburuarekin hainbat neurketa jokatzen ari dira.

Lehen laurdenean, Hendaiarrek kantxa osoko defentsa ezarri zuten eta erasoan zein defentsan zailtasun ugari ezarri zieten Sameseko jokalariei. Defentsan baloi asko lapurtu zituzten Andoni Castilloren jokalariek. Erasoko dinamismoari esker, lehen laurdenean abantaila handia lortu zuten, hain zuzen, 16 puntukoa (31-14).

Bigarren laurdenean, Samesek zonako defentsa jarri zuten zelaian eta Hendaiarren erasoko joera ona moztea lortu zuten. Sames hobeto kokatu zen kantxan, barnealdean jokatzen duten jokalariak aurkitu zituzten saskiratze errazak eskuratu zituzten. Hala ere, Hendaiarrek eutsi egin zioten Samesen saiakerei eta atsedenaldira iristean, markagailuak 47-27 adierazten zuen.

Hirugarren laurdenean, Hendaiarren lana defentsan zentratu zen. Erritmoa igo zuten, horrek erasoak kotraeraso errazak gauzatzea ahalbidetu zien eta apurka-apurka markagailuan aldentzen joan ziren. Hiruko marratik oso fin ibili zen Hendaia Basket Ball , Jon Sagarzazu izan zen eguneko saskiratzaile nagusia eta bere eskuetatik hainbat hiruko gauzatu ziren. Azken aurreko laurdena 66-38 bukatu zen.

Azkeneko laurdenean, denboraldi-aurreko neurketetan ohikoa den bezala, Hendaiarrak defentsan lasaitu ziren. Beste behin, Samesek barrualdeko jokalariekin konektatzea lortu zuen eta saskiratze gehiago lortu zituzten. Nekeak eragin zuen bi taldeetan, eta pixkanaka jokoaren erritmoa eta maila jeisten joan zen. Azken emaitza 84-55koa izan zen, 29 puntuko aldearekin aise menderatu zuen Hendaia Basket Ballek Sames.