22 URTEKO AROAREN BUKAERA, BERRI BATEN HASIERA

2021/06/09
22 URTEKO AROAREN BUKAERA, BERRI BATEN HASIERA

Gaur goizean Ricardo Garciak, Real Unioneko lehendakariak, administrazio batzordea lagun zuela, kluba uztailaren 21an, Akziodunen Batzar Orokorrarekin batera, utziko dutela iragarri du.

Ricardo Garciak eta berarekin batera azken bost urteetan lanean aritu den administrazio batzordeak uztailaren 21an egingo den Akziodunen Batzar Orokorrean karguak utziko dituztela iragarri dute. 22 urteren eta lau agintaldiren ostean, Real Unionen aro berria hasiko da. Nahiz eta egungo batzordeak aurtengo abenduan bukatu behar zuen bere jarduna, 2021-2022 denboraldi hasierara aurreratu nahi izan dute, kirol arloan ahalik eta eragin gutxien izan dezan.

Historiari errepasoa. 

1998 urtean zuzendari gisa barneratu zen Ricardo Garcia Real Unionen eta Jose Antonio Zabalaren dimisioaren ondotik, 1999an bilakatu zen lehendakari. Orduan, talde irundarra Hirugarren mailan jokatzen zuen eta azpiegiturak ez ziren profesionalak. Kluba hartu eta urte berean, 2.B mailara bueltatu zen Real Union eta Real Unioni inguratzen zion guztia, eraberritzen joan zen. “Hasierako urteetako nahia beti izan zen Real Union egonkortzea, hankak lurrean izanik, aurrera egitea; horregatik, 2004-2005 denboralditik aurrera izugarri disfrutatu nuen”, adierazi du Garciak. Hain zuzen ere, 2004-2005 denboraldian Unai Emeryk zuzentzen zuen Lorcaren aurka igoera galdu ostean, une gozoak bizi izan zituen talde irundarrak. Hiru playoff igoera eta Athletic, Real Madril edota Valladoliden aurkako Errege Kopako kanporaketetako kaleratzeak. Iñaki Alonsoren gidaritzapean, talde txuri-beltza bigarren mailara igo eta urte horretan bertan jeitsi zen. Garciak aitortu du “bigarren mailako urtea hobe baliatu behar genuenaren penarekin” geratzen dela.

Hurrengo urtean, igotzeko zorian izan zen Real Union. Playoffak jokatu zituzten berriro, baina Sevillan kale egin zuen. Krisia iritsi zen eta klubari une gogorrak bizitzea egokitu zitzaion. Real Union aurrera ateratzeko lan eskerga egin zuen Garciak eta bere batzordeak, sakrifizio ugari egin zituzten kluba egonkortze bidean, tartean, harrobia: “zerbaiten penaz geratzen banaiz, krisi egoera horretan harrobia hain gutxi indartzea izan zen. Egoera lazgarria zen, kluba mantendu behar genuen eta kirol arloan pentsatu baino, egoera ekonomikoa hobetzea genuen buruan une oro. Pena horrekin geratzen naiz”.

Zorra bideratuta zegoen, baina egoera ekonomikoa zaila izaten jarraitzen zuen. Real Unionen mendeurreneko ospakizunekin batera, Aitor Zulaika iritsi zen Irunera eta Real Union Federazio Kopako finalean sailkatu zuen. Sailkatu eta irabazi, klubaren historia liburuan urrezko lerroak idatzi zituen, beste behin. Azken urte gogorren ostean, birritan maila galtzeko arriskua izan zuen Real Unionek, Aitor Zulaika Stadium Galera bueltatu eta 1. Federazio mailan aritzeko txartela eskuratu du aurten. 2.B maila osatzen zuten 102 taldeen artean, Real Union 40 talde onenen arteko bi multzoetan sailkatu da.

Une onak bezain gogorrak bizi izan dituelarik, 22 urtetan Real Unionek ez du 2.B maila den maila baxuagorik ezagutu. Ricardo Garciak Real Unioneko lehendakaritza “pozik” eta “harro” uzten duela aipatu du.

Emerytarrekin harremana. 

Gauzak horrela, duela urtebete, Emerytarrak eta egungo administrazio batzordea harremanetan jarri ziren klubaren akzioen zati handiena erosi eta jauzi berria emateko. Jose Manuel Amantegiren, Real Unioneko administrazio batzordearen kidearen, hitzetan, “klubak proiektu berria behar zuela antzeman genuen. Atzerritik proiektu ezberdinak gerturatu zitzaizkigun, baina guk Bidasoaldean errotutako zerbait nahi genuen. Emerytarren aukera agertu zen eta ordutik, negoziaketetan murgilduta egon gara”.

Ricardo Garciak zein Jose Manuel amantegik argi utzi nahi izan dute egungo batzordea eta etorkizunean osatuko duten berriaren arteko elkarlana ona eta estua dela. “Covidak eta momentuko ziurgabetasunak negoziazioak luzatu zituen”, aitortu du Amantegik, baina hasieratik proiektua eta intentzioak “gustokoak” zituztela ere adierazi du. Halere, administrazio kontseilu berria egikaritzeko uztailaren 21era arte itxaron beharko du. Hurrengo asteetan, Akziodunen Batzar Orokarra deituko da eta bertan kapital-zabalkuntza egitea proposatuko da. “Batzarrean jorratuko diren gaiak Emerytarrekin adostuak daude, eta gure aldetik ez dute proiektua aurrera eramateko eragozpenik izango”, ohartarazi du Garciak.

Honi jarraiki, uztailaren 21etik aurrera osatuko den adminiztrazioari egungo batzordeak laguntzeko prestutasuna adierazi nahi izan dio: “gaur egun ditugun ardurak ez ditugu izango, baina Real Unionen proiektua bultzatzen jarraituko dugu; beti ere, administrazio kontseilu berriak ondoan izango gaitu laguntza behar dutenean”.

Etorkizuneko Real Union. 

Datorren proiektu berria Real Unionentzako “ona” dela aitortu du Ricardo Garciak. “Kluba uzteko unea zela banekien, baina ondorengo egokia izan arte ez nuen Real Union utzi nahi”, gehitu du. Arlo guztietan kluba hobetuko duen proiektua omen da Emerytarrena, kapital-zabalkuntzaz gain, taldeari eta Iruni behar duen hauspoa emango omen dio.

Kirol arloan ere proiektua sendotuko dela aurreikusten du Garciak: “Irunen genuen hitzarmenari beste hiru talde batuko zaizkio: Gure Txokoa, Beti Gazte eta Les Englantins. Harrobia lantzea talde berri honen lehentasunetako bat da; horregatik diot ekonomikoki zein kirol arloari dagokionez, oso onuragarria izango dela Emerytarren proiektua”.