21.URTEZ JARRAIAN URRIAREN 5EAN TXINGUDI KORRIKA OSPATUKO DA
Eskualde osoa zeharkatuko du 10kilometroko lasterketa honek; Irun, Hondarribia eta Hendaiako kaleak korrikalariz beteko ditu beste behin Bidasoa Atletiko Taldeak
Txingudi Korrikak 21.urtez Irun, Hondarribi eta Hendaiako kaleak korrikalariz beteko ditu urriaren 5ean. Gaur goizean Iñigo Lavado jatetxean aurkeztu dute lasterketa eta bertan, Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariak, lasterketaren babesleak eta hiru udalerrietako ordezkariak izan dira.
Azken urteen antzera, bi zatitan banatuko dute Txingudi Korrika. Lehenik eta behin, roller modalitatean parte hartzeko aukera egongo da eta korrikalariak hasi baino 10 minutu lehenago irtengo dira, hau da, 16:20tan. 16:30etan ordea, korrikalarien txanda izango da, ehunaka korrikalari espero dituzte prest egongo diren 10 kilometroak burutzeko. Kilometro horietan, eskualde osoan barrena ibiliko dira korrikalariak, izan ere, irteera Hendaiako Florida portuan izango da eta helmuga Hondarribiko hondartza inguruan.
Lasterketa ez dago helduentzako egina soilik, Irungo gaztetxoek ere urriaren 5ean running modalitateaz disfrutatzeko parada izango dute ere. Bostgarren urtez, Txingudi Korrika Txikia egingo dute eta Stadium Galetik irtengo dira. Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariek aipatu duten antzera, dohakoa izango da Txingudi Korrika Txikian parte hartzea eta 1-13 urte bitartekoentzat planteatuta dago.
Aurtengo lasterketak ordea berrikuntzaren bat dauka, eta horrela adierazi due Ibon Muñozek, Bidasoa Atletiko Taldeko zuzendari teknikoak. Hendaiako tren geltoki inguruan obretan daude, beraz, ibilbidea aldatzera behartuak izan dira eta Hendaiako erdigunetik igaroko da aurten lasterketa.
Aurtengo edizioaren helburu nagusia 600-700 lasterkari batzea da, aurreko urtean 664k izen eman zuten eta marka hori gainditu nahi dute. Jada, 200 bat korrikalarik izen eman dute lasterketan parte hartzeko eta Ibon Muñozen hitzetan, “aurreko urtean baino erritmo handiagoa izan du izen emateak momenturarte, kopurua handitzekotan gaude”.
Jada izen eman daiteke
Kirolprobak webgunean lasterketan izen eman daiteke jada, baina horrez gain, Leire Sport eta Papycop dendetan ere apuntatu daiteke. Beste aukera bat Palmera Montero Gunean kokatuta dagoen Bidasoa Atletiko Taldeko bulegoan apuntatzea da. Oraintxe dortsalaren prezioa 13 eurotan dago, baina urritik aurrera bere prezioa 18 eurokoa izango da.
Dortsalak eta txipak urriaren 4ean klubaren egoitzan (Dunboan) edota lasterketa egunean bertan eskuratu ahalko dira.