2019a EZ DA EXPRESS HONDARRIBIA IKASBASKETEN URTEA IZATEN ARI

2019/02/05
Urtea hasi zenetik garaipen bat eskuratu du eta hiru porrota jasan, azken hiru jardunaldietan hain justu
2019a EZ DA EXPRESS HONDARRIBIA IKASBASKETEN URTEA IZATEN ARI

Denboraldia indartsu hasi zuten hondarribitarrek. Zazpi garaipen eta hiru porrot soilekin sailkapeneko hirugarren postuan kokatuta zeuden. Gainera, garaipen garrantzitsuak erdietsi zituzten horien artean, hala nola, bere garaian liderraren postuan zeuden Easo San Martin Merkatuari 50-54 etxetik kanpo eta Universidad Loiola Indautxuri 65-63 Ondartza Kiroldegian.

Esan bezala, 2018a bikain bukatu zuten eta bazirudien 2019a bide beretik joango zela, izan ere, urteko lehen neurketan azken sailkatua den Paz de Ziganda taldea 21 punturen aldeaz garaitu zuten, 52-31 hain zuzen. Baina egoerak 180º bira eman du eta sasoiko zegoen taldeak hiru norgehiagoka jarraian galdu ditu. Araskiren aurka etxetik kanpo puntu asko jaso zituzten, 76-54; Bera Bera Bultzen aurka gipuzkoako derbia galdu zuten etxean, 50-59; eta azken jardunaldian, oso puntu gutxi saskiratuta 31-56 galdu zuten La Salle Zurekin Busen aurka, etxean ere.

Hiru partidu jarraian galdu ondoren, Express Hondarribia Ikasbasket sailkapeneko bostgarrenak dira 22 punturekin eta atzetik zetozen taldeak dezente hurbildu zaizkie. Gaur egun, Bera Bera Bultz, La Salle-Zurekin Bus eta Gernika KESB taldeak puntu bakar batetara dituzte eta Lagunak Sarnam iruindarrak bi puntutara.

Hurrengo bi norgehiagokak oso garrantzitsuak izango dira hondarribitarrentzat bere atzetik dauden bi talderen aurka jokatuko baitute, Gernika KESB eta Lagunak Sernaman hain zuzen. Primerakoa izango litzateke 2019an hasitako bolada txarrari amaiera ematen badiote eta denboraldiaren hastapeneko joko ausart eta erasokorra berreskuratzen badute. Ziur garaipenak iristear direla, hondarribiko neskak ez baitira kokilduko egoera zail honen aurrean.