2 GARAIPEN ETXEBERRIARENTZAT GIPUZKOAKO ITZULIAN
Txirrindulari irundarrak seigarren postuan erdietsi du sailkapen nagusian, liderrarekiko 34 segundura.
Haimar Etxeberriak sasoi betean jarraitzen du. Gipuzkoako Itzulia ostiralean 4 kilometrotara iristen ez zen erlojupeko motz batekin hasi zen eta Etxeberria izan zen txirrindularien artean azkarrena. 6:57 minutu behar izan zituen Azkoitiko erlojupekoa irabazteko, bigarren sailkatua 14 segunduetara utzi eta etapa zein lidergoa eskuratu zuen.
Larunbatean, Eibarko etapan 17.postuan helmugeratu zen Etxeberria eta lidergoa galdu zuen. Hugo Aznarrek irabazi zuen proba, Etxeberriak 54 segundu galdu zituen eta Unai Zubeldia kokatu zen lidergoan. Bosgarren kokatu zen Etxeberria, 34 segunduko atzerapenarekin, baina Mendiko maillota soinean zuelarik.
Igandean, Gipuzkoako Itzuliko bigarren garaipena erdietsi zuen txirrindulari irundarrak. 15 kilometroren faltan, Haimar Etxeberria lasterketa buruan mantendu zen beste 12 txirrindularirekin batera eta sprintean azkarrena izan zen. 2 ordu 11 minutu eta 29 segundu igaro zituen txirrinda gainean Etxeberriak. Halere, ezin izan zuen aurretik zituen txirrindulariei segundu gehiagorik atera eta sailkapen nagusian, postu berdinean mantendu zen, bosgarren.
Itzuliko laugarren eta azken etapa erabakigarrian, David Peñarandak eskuratu zuen etapa garaipena. Haimar Etxeberria lehen hamar sailkatuetatik kanpo iritsi zen eta sailkapen orokorrean postu bat galdu zuen. Lau etapak jokatu ostean, liderrarekiko 34 segunduetara gelditu da Etxeberria, bigarrena mendiko eta puntuetako sailkapenean.
Xabier Intxausti sorpresa ematetik gertu izan zen, baina Hugo Aznarrek zuen diferentzia 3 segundurengatik mantendu eta Gipuzkoako Itzulia eskuratu zuen. Erlojupekoan eginiko denbora erabakigarria izan zen; izan ere, Unai Zubeldia Hugo Aznarren denbora berdina erdietsi zuen, baina Aznar lehen erlojupekoan azkarragoa izan zenez, Gipuzkoako Itzuliko txapeldun berria bilakatu zen.